Herritar talde batek HAPOren kontrako alegazioak aurkeztu ditu

elgoibarren.net 2011ko mar. 17a, 11:17

HAPO Hiriaren Antolamendurako Plan Nagusia berritu aurretik herriak zer nolako Elgoibar nahi duen jakitea ezinbestekoa dela ohartarazi du HAPOren kontrako alegazioak egiteko batu den taldeak. Haien ustez, HAPOk ez ditu jasotzen interes talde ezberdinen beharrak. Martxoaren 15ean amaitu zen Plan Nagusiari alegazioak egiteko epea.



 Umeak eta gazteak ez dituela aintzat hartzen salatu dute HAPOren kontrako alegazioak egiteko batu den taldeko kideek, besteak beste hiri antolamendu berri horretan ez delako Gaztetxerik, ensaio lokalik, eta kultur sormenerako espaziorik agertzen, eta ezta umeekin egoteko lekurik ere. Etxegintza politika ere salatu dute. Kasu honetan ere, lehenik eta behin, beharren ikerketa serio bat egitea eskatzen dute, eta ez babes ofizialeko eskaera kopurua aintzat hartzea, errealitatean gazteek babeseko etxeak erosi ere ezin dituztenean. Eta beste ezeren aurretik, etxebizitza zaharrak berritu eta alokairua sustatu beharko litzatekeela uste dute. Horren harira, Sigman etxe berriak eraikitzeko plana bertan behera lagatzeko eskatu dute, besteak beste auzo hori gheto bihurtzeko arriskua ikusten dutelako. Etxeak egitekotan, berriz, eraikuntza bioklimatikoen alde egitea eskatu dute.
 Guztira HAPOaren kontrako 130 alegaziotik gora zenbatu dituztela jakinarazi dute.