36ko Gerrako umeei buruzko erakusketa jarri dute Kultur Etxean

elgoibarren.net 2011ko mar. 18a, 08:25

 
Gaur (martxoak 18) zabalduko dute 36ko Gerrako umeei buruzko argazki erakusketa Kultur Etxean. Bizi guztia ume izaten izena dauka erakusketak, eta 36ko Gerrako ume euskaldunei eginiko omenaldiaren emaitzetako bat dela adierazi dute antolatzaileek. (bideoa dauka)

 

  Udaleko Kultura Sailak, Idi Ezkerra Fundazioaren eta Elgoibar1936 taldearen laguntzaz antolatu du erakusketa. Haien esanetan, Euskal Herriaren memoria historikoa berreskuratzeko ekintza da.
  • Martxoaren 28ra arte egongo dira ikusgai argazkiak Kultur Etxeko erakusketa gelan, astelehenetik zapatura 19:00etatik 21:00etara.
•Gerrako euskal neska-mutilen bizi-bidaia

1706639128118 36ko Gerrako umeei buruzko erakusketa jarri dute Kultur Etxean

36ko Gerran, 33.000 bat euskal neska-mutil, barkuan abiatu ziren atzerriko herrialdeetarantz babes bila, ustezko epe jakinerako urruntze batean. Kasu batzuetan horrela izan zen, baina neska-mutil horietako askoren kasuan behin behineko urruntzea urtetan luzatu zen. Erakusketa honek, ume espedizioak iritsi ziren portuetatik nabigatzen duen barku baten bidaia kontatzen du, eta gerrako euskal neska-mutilen bizi-bidaia erakustea du helburu.

  Neska-mutilok Sobietar Batasunean, Frantzian, Erresuma Batuan, Belgikan eta Mexikon bizitako abentura gogorarazten duten irudi, eskutitz, marrazki, elkarrizketa, dokumentu eta objektuen bilketa bat da erakusketa. Material guztia gerrako umeek beraiek  emandakoa da.
Bideoa: Erakusketaren nondik norakoak eta memoria historikoa berreskuratzeko asmoz sortutako taldeak orain arte eginiko lana azaltzen dute ondorengo bideoan elgoibar1936 taldekoek.