1955. urte inguruko goiko erretratu zaharrean ikus dezakezue nolakoa zen jatorrizko Malapea. Eliz atariko teilatutxo hori 60. hamarkada inguruan kendu zuten, baina adin batetik aurrerako hainbat elgoibartarrek gogoan dute oraindik ere. Malapea berriz bere lekura itzuli dela ikusita oroitzapen bat baino gehiago etorriko zitzaien burura, ziurrenik. Izan ere, eliz atari hori jolaserako eta lagunekin elkartzeko oso aproposa izaten zen.
Erretratu zahar horretan, gainera, Madalako Karitateko mojen ospitale zaharra ageri da, Madalako elizaren ondoan. Gaur egun San Lazaro egoitza eta Madalako zubia daude Madalako Ospitalak hartu zuen lekuan.
Udalak egin duen atari berria amaitzeke dago oraindik, baina aste honetarako amaituta izatea espero dute.