Leku Eder parkean izan zen gertaera joan den zapatuan, 21:30ak inguruan. Udaltzaingoko iturriek jakinarazitakoaren arabera, ustezko erasotzailea “trenera bidean joango zen ziurrenik” eta trena hartu aurretik gozotegi baten kanpoaldean zeuden bi neska gazteengana hurbildu zen. Zintzur parean labana jarri ostean aurpegira ez begiratzeko mehatxu egin zien ezezagunak, eta sakelakoa eta soinean zuten diru guztia emateko agindu. Ostutako gauzekin ihesari eman zion gero. Bi umeek, izua gainetik kendu ezinda, jasotakoaren berri eman zioten handik metro gutxira, Plaza Handian, zegoen bietako baten amari eta Udaltzaingoan eta Ertzaintzan jarri zuten salaketa.
Elgoibarko udaltzainburuak, Jabier Oñederrak, jakinarazitakoaren arabera, gisa honetako lapurretak, labana batekin mehatxatuz egindakoak, “ez dira ohikoak, zorionez”.