Excavaciones Olloquiegui enpresari esleitu dizkio Elgoibarko Udalak Plaza Txikia eta Leku Eder parkea eraberritzeko proiektuaren lanak. Bertan, taxi geltokia eta San Bartolome parrokiaren artean, kale antzeko bat egingo dute. Kaleak 125 metroko luzera izango du eta “sei-zazpi metro” arteko zabalera. Jarduera honek, 187.655 euroko inbertsioa izango du.
Plaza Txikian kale berri honen egokitzapenak, bertan eraberritzen ari diren atarietarako sarbidea erraztu eta hobetuko du Udal arduradunen ustez. Horrez gain, merkatarientzako gune erakargarriagoa izango dela uste dute eta euren komertzioetako erakusleihoak Plaza Txikira begira jarriko dituztela aurrerantzean.
•Zoru berria kalexketan
Plaza Txikia eraberritzeko proiektuan, plaza hau San Bartolome kalearekin lotzen duen kalexkaren zorua berritzeko asmoa sartuta dago, baita azken hau Errosario kalearekin lotzen duen kalexkarena ere. Gaur egun San Bartolome eta Errosario kaleetan dauden baldosak modukoak jarriko dituzte bi kalexketako zoruetan.