Azken lau urteotako legegintzaldiaren balorazioa egin du EAJk

elgoibarren.net 2011ko mar. 27a, 18:32

 
Ekonomia krisiak baldintzatutako Legegintzaldiaren errepasoa egin du Elgoibarko EAJ alderdiak. Krisiak "eragin zuzena" izan duen arren, ez dela "inbertsio handiak" egiteko oztopo izan azaldu dute, eta Udalak zorrik ez duela nabarmendu. Era berean, Legealdi Planaren garrantzia azpimarratu dute EAJko Udal Gobernuko kideek.

 

  Elgoibarko Udalaren bilakaera ekonomiko eta finantzarioa ekonomiaren eta diru-bilketaren koiunturak izan duen joera orokorretik banandu ezina dela adierazi du Alfredo Etxeberriak, EAJko sei zinegotziez inguratuta eskaini duen prentsaurrekoan. Gainera, 2009. urtean gertatu zen aldaketa sakonak "zerikusi zuzena" izan zuela aurrez aipaturiko koiuntura horren joeran uste du.

Bilakaera urtez-urte
  Garai edo etapa ezberdinak nabarmendu ditu Etxeberriak atzera begirakoan: "2007ra arte hazkunde handia izan zen sarrera arruntei dagokienean. 2008an sarrera horiek moteldu ziren eta 2009an, berriz, nabarmen jaitsi ziren sarrerok. 2010ean bere onera itzultzen hasi dira eta espero dugu joera hori 2011n sendotzea".
  Sarrerak gutxitu arren inbertsio handiak egin ahal izan dituztela azaldu du. "Bertako eta kanpoko (Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Estatuko Gobernua) baliabideak erabiliz egin ditugu inbertsiorik handienak; 2009 eta 2010 urteetan, batik bat. Kanpoko laguntzeei esker Udalaren zorpetze maila ahalik eta txikiena izatea lortu dugu, gainera. Une honetan, gastu orokorretarako 1.524.606 euro ditu Udalak", adierazi du. Era berean, inbertsioekin Udala "eraberritu" egin dela uste du Etxeberriak: "Oinarrizko beharrizanak ase dira, orain arte, inbertsio maila apala eta jarduteko behar handia zuen udalerri batean".
  "Inbertsioak hazi, energia garestitu, eskaintzen diren zerbitzuak hobetu eta ugaritu eta zerbitzu horiek eskaintzen dituzten pertsonak gehitu izanaren ondorioz, handitu ziren gastu arruntak 2009ra artean", azaldu du Etxeberriak. 2010 eta 2011 urteetatik aurrera, ordea, gastu arruntari eusteko moduan izan da Udala eta, horrela, aurreko egoera orekatzea lortu dutela jakinarazi dute. Gastu arruntei eusteko ahalegin hori, "2011 urtean gutxituko omen diren sarreren testuinguruan" kokatu behar dela azaldu du Elgoibarko alkateak. 
Legealdiko Plana, aitzindaria eta beharrezkoa
 Elgoibarko EAJ alderdiaren ustez, Legealdiko Plana "funtsezko lanabesa" izan da krisia "eraginkortasunez" gainditu ahal izateko. Horrez gain, "egonkortasuna" ekarri du, eta agerian utzi du "informazioaren arintasuna elkar ulertzeko eta elkarrenganako konfiantza izateko lehendabiziko araua" dela. Legealdi Plana moduko proiektu aitzindari batek izan duen arrakasta edukitzeko gakoa, konpromisoa eta borondatea izan direla nabarmendu dute EAJko kideek.

Proiektu ia guztiak hasita
 Legegintzaldi Planari esker lau urteotan 25 milioi euro inguru, "Udaletik eta beste instituzioetatik ailegatu den dirua kontutan hartuta", kudeatu dituztela dio Etxeberriak. Kopuru horretatik %30-40 inguru inbertsioetarako bideratu dituzte, "Legegintzaldi Planean jasotakoa betez". Egin dituzten inbertsio eta obra guztiak herriko txoko guztietara zabaltzen saiatu direla azaldu dute, eta, hori frogatzeko Elgoibarko mapa baten gainean kokatu eta seinalatu dituzte herrian luze zabalean eginiko jarduerak. Legegintzaldi Planean jasota zeuden 166 jardueretatik 153 hasita daude dagoeneko.