'Gazte Oporraldiak' egitasmoan parte hartzeko aukera dute Elgoibarko gazteek

elgoibarren.net 2011ko mar. 30a, 17:38

 
Oporraldiak pasatzeko haur eta gazteek izango dute non aukeratu. Batetik, hamalau eta hamazazpi urte bitarteko gazteentzat Gazte Oporraldiak ekimena antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta, bestetik, zabalik dago Aste Santuko III. Kirol Kanpusean izena emateko epea.



Gazte oporraldiak
 Gazte Oporraldiak Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen udaleku programa bat da; Gipuzkoako 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta jarduera ludiko-hezigarrietan parte hartu ahal izango dute. Bertan parte hartzen duten gazteei dibertsiorako eta bizikidetasunerako leku bat eskaini nahi zaie, beren gozamenerako eta autonomia pertsonala finkatzeko.
Udaleku hauetan parte hartu nahi duten nerabeek apirilaren 6tik 25ra bitartean izango dute izena emateko aukera. Banaka edo, gehienez hiru lagunekoak badira, taldeka egin daitezke izen emateak. Bi bide daude zozketan parte hartzeko:
  • Interneten bidez: www.gipuzkoa.net/oporraldi.
  • Kanpainan parte hartzen duten Gazte Informazio bulegoetan aurkeztuz eta bertan inprimakia betez. Elgoibarko Gazte Informazioaren helbidea honakoa da: Elgoibarko Udala (2. solairuan), Foruen Plaza z.g., 20870 Elgoibar. Telefonoa: 943 25 79 86. E-posta: gazteinformazioa@elgoibar.net
Programan lekua lortzeko aukera berdintasuna ziurtatzearren, inprimaki bat bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko. (ikusi hemen: izen emateari buruzko informazio osoagoa)

III. Kirol Kanpusa

1706639108482 'Gazte Oporraldiak' egitasmoan parte hartzeko aukera dute Elgoibarko gazteek

Azken bi urteotako arrakastaren ostean, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak III. Kirol Kanpusa antolatu du datorren Aste Santurako. Aurtengo Kanpusa apirilaren 18an, 19an, 20an, 26an, 27an, 28an eta 29an izango da, eta bertan, Elgoibarren bizi diren 6 eta 12 urte arteko neska-mutil guztiek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko epea apirilaren 1ean amaituko da. Olaizaga kiroldegian egin daiteke izen ematea. Matrikularen zenbatekoa 50 eurokoa da (45 eurokoa, Patronatuko bazkideentzat).
  • Aurreko aldietan bezalaxe, Aste Santuko Kirol Kanpusean parte hartu nahi duten adingabekoek hainbat kirol praktikatuz igaro ahal izango dute oporraldia. Kirol jarduerak 9:30etik 12:30era izango dira, Mintxetako instalazioetan, Kiroldegian, Herri Eskolako jokaleku estalian eta Ikastolako frontoian.