Azken lau urteetan aurrez aurre eginiko argazkiek osatzen dute Portraits I erakusketa. Hamabi argazki guztira. Artistaren zaletasunak islatzen dira argazkietan. Ingeles filologian lizentziatua da Pereira eta izugarri gustatzen zaio musika. Aspaldi hasi zen argazkigintzan, eta rock kontzertuetan ateratzen zituen argazkiak. "Rokanrolaren historian lizentziatua" dela dio Pereiraren laguna eta argazkilaria ere baden Gorka Salmeronek. "Blues-a sortu eta garatu zen lurraldea, eta gune historiko garrantzitsuenak bildu ditu argazkietan, rokanrolaren kultura anglosaxoiak zonalde ezberdinetan laga dituen arrastoak islatuz", gaineratu du bere lagunaz.
Musikaz gain, beste hainbat zaletasun ere baditu Pereirak , eta bere ametsak islatzen ditu erretratuetan. "Irudi horiek hitz egiten digute, beraien atzean dagoen argazkilariaren ispilua dira: izaera dute. Ez dute hitz gehiagoren beharrik, ez eta diskurtsorik ere", dio Salmeronek.
Hilaren 15era arte egongo da zabalik erakusketa, 19:00etatik 21:00etara. Kultur Etxeko erakusketa gelan.