Mendaroko I. Mendi Lasterketa egingo dute maiatzaren 1ean

elgoibarren.net 2011ko api. 1a, 11:22

 
Mendi lasterketa zaleek badute zita eta erronka berri bat: Mendaroko I. Mendi Lasterketa. Mendaroko Txirrindulari Elkarteak 25 kilometroko lasterketa antolatu du, maiatzaren 1erako, Mendaroko mendietan barrena.





 Mendaroko Herriko Enparantzan hasi (10:00etan) eta bukatuko da Mendaroko I. Mendi Lasterketa. Ibilbidea, laburbilduz, honakoa izango da: Etun mendira igoko dira lehenik korrikalariak, segidan Madariaga auzora joateko. Ondoren, hiru kilometroko jaitsiera baten ostean, Munitxibarren izeneko Kilimon erreka ondora jaitsiko dira. Handik gora, igoera gogor baten ostean, Larraskanda baserri ondotik pasata, Otarreko antenara ailegatuko dira. Tontorrez tontor, Erentza baserri ondotik, Gaintxipixa mendi azpialdera irtengo dira lasterkariak, Lizarpe gaina moduan ezagutzen den lekura. Handik, Garalutz mendiruntz joko dute lasterkariak azkeneko tontorra gainditzeko. Mendi gainetik Herriko Enparantzaraino jaitsiko dira. Ibilbideak 25 kilometro ditu guztira. Igoeraren desnibela, berriz, 1.350 metro positibokoa dela jakinarazi dute antolatzaileek, Mendaroko Txirrindulari Elkarteko kideek.

  Irabazleek, lehen gizonezkoak eta lehen emakumezkoak 200 euro eta garaikurra jasoko dituzte sari modura, 100 euro bigarren sailkatuak eta 50 euro hirugarrenak. Parte hartzaile guztien artean kirol produktuak ere zozketatuko dituzte.

Izena emateko
 Internetez, herrikrossa.com helbidean eman daiteke izena. Mendaroko Morroskillo dendan, Elgoibarko Iriondo Kirolak eta Gys-Sport Astigarraga eta Eibarko Intersport-Askasibar dendetan ere egongo da izenematea egiteko aukerarik. Aurrez eginez gero 15 euro ordaindu beharko dira eta 18 euro egunean bertan izena emanez gero. Informazio gehiago honako telefonoan: 646 119 877 edo e-postan: mte.mendaro@hotmail.com
 
Lotura duten albisteak: