Euskal Herriko mendi eskiko kronoigoera txapelketa irabazi du Iñigo Larizek

elgoibarren.net 2011ko api. 4a, 14:17

Joan den asteburuan jokatu da Europar Mendietan Andres de Regil mendiko eskiko saria. Zapatuan bikotekako lasterketa egin zuten eta domekan, berriz, Euskal Herriko Kronoigoera Txapelketa jokatu zen, eta bertan Iñigo Lariz izan zen azkarrena.
Larizek, gainera, Euskal Herriko Mendiko Eskiko Kopako sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu du, eta laugarren postua, berriz, Arkaitz Iruretak. (argazkiak erta bideoa dauzka)


2011ko Euskal Herriko Kronoigoera Txapelketako podiuma.

Euskal Herriko proba aitzindaria da Andres Regil saria. Joan den asteburuan 36 edizioa egin zuten Potesen (Kantabria). Zapatuan bikotekako lasterketa egin zuten eta Aitor Otxoa eta Balen Tolosa izan ziren azkarrenak. Arkaitz Iruretak eta Iñigo Larizek osatutako bikoteak ere parte hartu zuen proban, eta seigarren postuan ailegatu ziren helmugara. Andres de Regil sarian elkarrekin parte hartzen zuten laugarren aldia zen eta orain arte lortu duten posturik onena da honakoa. Lasterketa “arraroa eta oso nahasia” izan zela azaldu du Larizek. “Elurraren egoera ez zen onena eta materialarekin arazo dezente izan genuen arren, seigarren postuan sailkatzea lortu genuen”.
 Lariz eta Iruretaz gain, Andoitz Agirregomezkorta, Manex San Martin eta Joseba Eustondo elgoibartarrek ere parte hartu zuten proban, Morkaiko Mendizale Elkartearen izenean.

Eski denboraldi aparta burutu dute Larizek (ezk.) eta Iruretak.

Irureta eta Lariz oso pozik daude Euskal Mendizale Federazioko egutegiko azken proban lortutako seigarren postuarekin eta, oro har, baita egin duten denboraldiarekin ere. Erakutsitako erregulartasuna eta, besteak beste, 2011ko Altitoy-a moduko proba garrantzitsu batean lortu zuten hirugarren postuari esker sailkatu da Lariz sailkapen nagusiko bigarren postuan, eta laugarren postuan Irureta. “Urteari amaiera biribila eman diogu. Denboraldi hasierako helburua Euskal Herriko Kopan parte hartu eta postu polit bat lortzea zen. Emaitzak uste baino hobeak izan dira baina”, adierazi du Larizek.
 
Kronoigoeran indartsuena

Elgoibartik joandako eskiatzaileak elkarrekin.

Domekan kronoigoera egin zuten, eta saio horretan Iñigo Larizek (28:20) indartsuena zela erakutsi zuen. Proba hori, gainera, Euskal Herriko kronoigoera txapelketa ere bazen. “Irteera oso bizkorra egin ostean, hasieratik lasterketaren burua hartu genuen Aitor Otxoa oñatiarrak eta biok. Erritmo gogorra ezarri zuen Aitorrek, baina azkenengo maldan aurrea hartzeko indar nahikoa eduki nuen”, azaldu du Larizek. Balen Tolosa igo zen podiumeko hirugarren koskara. Horrela bada, orain bi urte lortu zuen hirugarren postua hobetu ahal izan du Iñigo Larizek eta Euskal Herriko Kronoigoerako irabazlearen txapelarekin itzuli da etxera.
*Lehen argazkia: travesiaregil.com
Bideoa: Eitb-ko 'Mara-mara' saioko bideo honen amaieran, Iñigo Larizen azken metroak eta kronoigoera irabazi ostean egin zituen adierazpenak ikus ditzakezue.