'Nick Maritxu Nick Bartolo' antzezlana eskainiko dute gaur Korrika kulturalaren barruan

elgoibarren.net 2011ko api. 8a, 10:10

Korrika kulturalaren barruan bi antzezlan antolatu ditu Elgoibarko AEK-k, Udalaren laguntzarekin. Lehenengoa, 'Nick Maritxu Nick Bartolo' antzezlana, gaur gauean eskainiko dute Herriko Antzokian. Bestalde, Elgoibarko lekukoak eramango dituzten talde, elkarte eta eragileen izenak jakitera eman ditu AEK-k.

 
'Nick Maritxu Nick Bartolo' antzezlana

‘Nick Maritxu, nick Bartolo' antzezlana ikusteko aukera izango da gaur (apirilak 8) Herriko Antzokian (20:30). Glu Glu antzerki ekoiztetxearen antzezlanak txat batean elkar ezagutu duten bi gazteren istorioa kontatzen du. Galder Perezek idatzi eta zuzendutako obra da, eta Ugaitz Alegriak eta Ylenia Baglietto aktoreek betetzen dituzte Bartolo eta Maritxuren rolak. "Maritxu, nora zoaz" kanta ospetsua abiapuntu, umorezko maitasun eta erotismo istorio honek gure erokeriak itsututa begien aurrean dugun hori ikusten uzten ez digula kontatzeaz gain, helduek batzuetan jolasaren zentzua ez galtzearen beharraz ohartzen digu. (ikusi hemen antzezlanaren sinopsia)

 Apirilaren 17an eskainiko dute Korrika kulturalaren baitan antolatu duten bigarren antzezlana, 'Arratoitxo pinpirina' haurrentzako antzezlana, hain zuzen ere. Herriko Antzokian (16:30) eskainiko dute hori ere

Elgoibarko lekukoak
  Atzo (apirilak 7) hasi zen Korrika 17 Trebiñun eta datorren eguaztenean, hilak 13, ailegatuko da Elgoibarrera, 19:30ak aldera. 1.452. kilometroan hartuko du lekukoa Elgoibarrek, eta 1.462an hartuko dio erreleboa Soraluzek. Hona hemen Elgoibarko lekukoak:
  • Azkarateko tunela (Lagunak Pilota Eskola)
  • Azkarate erdiko zubipea (CD. Elgoibar)
  • Larrialdiko bidea (Danobat)
  • Arriagako argindar zentrala (LAB-Alkorta)
  • Trenaren San Pedroko tunela (IMH, Herri Eskola, B.E. Institutua eta Haur Eskola)
  • Matadero aparkalekua (Ikastolako langileak, gurasoak eta ikasleak)
  • La Perla taberna (Iratzar)
  • Madalako kioskoa (Mausitxa txaranga)
  • Sua taberna (Gazte Asanblada)
  • Lorito (Haritz dantza taldea)
  • Kultur Etxea (Txankakua)
  • Jai Alai taberna (Udaleko Euskara Saila)
  • Armueta harategia (Felix eta Jabier)
  • Murua gozotegia (EA)
  • Gorostiza liburudenda (EAJ)
  • Euskadiko Kutxa (Ezker abertzalea)
  • Gorbea taberna (Aralar)
  • Eroski (Elgoibarko Izarra)
  • Burdinezko zubia (Sanlo)
  • Olasoko errotonda berria (AEK)
  • Sigmako autobus geltokia (Haizea taldea)