Larraitz Uranga Lanbide Heziketako Olinpiaden finalean izango da

elgoibarren.net 2011ko api. 11a, 18:58

 
Larraitz Uranga IMHko ikasleak Spainskills edo Lanbide Heziketako Olinpiadetan urrezko domina irabazi du, CNC Fresa proban. Datorren urrian Londresen jokatuko diren Worldskillsetan parte hartzeko txartela eskuratu du honenbestez.




  Mekanizazio bidezko produkzioko ikaslea da Larraskandako (Azkoitia) Larraitz Uranga. Elgoibarren egin ziren Euskoskillsetan garaipena lortu eta gero, joan den asteburuan -apirilaren 4tik 8ra bitartean- Spainskills delako proban parte hartu du Madrilen. Eta, zeukan onena eman eta gero, urrezko dominarekin itzuli da Madriletik.

  Espainia guztitik joandako 260 ikasle inguruk parte hartu dute Madrilgo Ifeman burutu diren Spainskills-etan, 32 espezialitateetan (skill) banatuta. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik 17 ikaslek parte hartu zuten eta urrezko bi domina lortu zituzten; Larraitz Urangak bata, eta Andoaingo La Salle Berrozpeko Gaizka Dominguezek, bestea, CAD diseinu mekanikoan. Biak ala biak Londresera joango dira Worldskills probetan parte hartzera. 2011ko urrian jokatuko da Lanbide Heziketako Olinpiaden final handia. Horrez gain, irabazle guztiek Erresuma Batura eta Irlandara ingelesa ikastera joateko Caja Madridek eskainitako Bikaintasun Eurobeka bat jasoko dute.

CNC Fresa eta Tornu skillsetako parte-hartzaileak, ikasle, tutore eta epaimahaikideekin.

Spainskillsen parte hartu duen Euskadiko ordezkaritza.


Zilarrezko domina Asier Iraetarentzat
 Asier Iraeta IMHko ikasleak ere parte hartu zuen Spainskills probetan. Lan oso txukuna egin zuen polimekanika proban eta epaileek ere hala iritzi zioten, zilarrezko domina eman zioten-eta. Hala eta guztiz, postu gazigozoa izan zen bigarrena Iraetarentzat, oso gutxigatik bada ere Worldskillsetan parte hartzetik kanpo geratu zen-eta.