“Jakin badakigu, gero eta ohikoagoa dela gure umeek euskara eta gaztelania jakitea”, jakinarazi dute Udaleko Euskara Batzordetik. Adin batetik aurrera, gainera, gero eta gehiago dira hirugarren hizkuntza bat ere ikasten duten neska-mutilak. “Horrela bada, esan daiteke, hizkuntzaren transmisioan garrantzia handia izan dutela, alde batetik, familiak, eta bestetik, irakaskuntzak”.
•"Onuragarria da txikitatik hizkuntza bat baino gehiago ikastea"
Hala eta guztiz ere, sarri askotan, gurasoen artean kezkak sortzen ei dira, beraien seme-alabek hizkuntza bat baino gehiago ikastearen inguruan. “Azken garaiotako ikerketek diotenez, txikitatik hizkuntza bat baino gehiago ikastea onuragarria da. Kontuan izan behar da, haurrek aldi berean hizkuntza bat baino gehiago ikasteko gaitasuna dutela. Gainera, bi hizkuntza dakizkien haurrak hizkuntza bakarra hitz egiten duenak baino errazago ikasten du beste hizkuntza bat. Hori ez ezik, haur elebidunek, besteak beste, adimen malgutasun handiagoa eta komunikaziorako gaitasun handiagoa izan ohi dituzte”, azaldu dute.
•Zalantzak argitzeko eta beldurrak uxatzeko aholkuak
Horrexegatik, elebitasuna dela-eta, gurasoen artean sortzen diren zalantzak argitzen laguntzeko, Udalak herriko ikastetxeen laguntzari esker banatu dituen bi liburuxka argitaratu ditu. Liburuxka horietan, eleaniztasunaren inguruko informazio interesgarria eta bigarren hizkuntza ikasterakoan sortzen diren zalantzak argitzeko eta beldurrak uxatzeko aholku egokiak jasotzen dira, betiere, Alma Flor Ada eta Colin Baker irakasle entzutetsuen Guía para padres y profesores de niños bilingües liburua oinarritzat hartuta. Liburu hau kontsultatu nahi dutenek, beraz, gure herriko Gotzon Garate Udal Liburutegian eskuratu ahal izango dute.
•Bertsio ezberdinak euskaraz eta gaztelaniaz
Gida horiek euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dira, eta aipatzekoa da, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ez direla erabat berdinak. Euskarazkoa guraso euskaldunen kezka eta beharrizanei erantzuteko prestatuta dago; eta gaztelaniazkoa, berriz, euskaraz ez dakitenen beharrak kontuan izanik egin da.
Bestalde, hizkuntzaren transmisio prozesuan familia eta irakaskuntza ezinbestekoak badira ere, aisialdiko jarduerek ere berebiziko garrantzia dute jarduera horretan. Hori dela-eta, herriko neska-mutilen hizkuntza ikaskuntzaren prozesuan lagundu nahirik, Udalak, eskuorri bat banatu du ume elebidun eta eleanitzen gurasoentzako gidekin batera, gure herriko ume eta gazteek eskolaz kanpo euskaraz jarduteko dituzten aukeren berri emateko.
- Ume eleanitzen gurasoentzako gida (PDF)
- 0-6 urteko ume elebidunen gurasoentzako gida (PDF)
- Aisialdiko jarduerak euskaraz (PDF)