Korrika Gaztearekin hasi, Korrika Txikiarekin jarraitu eta 17. Korrikarekin amaitu

elgoibarren.net 2011ko api. 13a, 13:15

 
19:00ak aldera ailegatuko da Korrika Elgoibarrera. Girotzen hasteko Korrika Gaztea egin dute, gaur goizean, IMH, Meka eta BHI Institutuko ikasleak, orain bi urte hasitako ekimenari segida emanez. Herriko txikienek ere egingo dute bat euskararen aldeko jaiarekin; 15:15ean hasiko dute Ikastolako eta Herri Eskolako haurrek korrika txikia. (argazkiak eta bideoa dauzka)


  Duela bi urte egin zuten estreinakoz Korrika Gaztea, eta ondo atera zela ikusita aurten ere berriz egitea erabaki dute. Meka Albitxuritik irten dira eta IMH, Mintxeta, Meka Ezenarro, Arreiturre Institutua, Kiroldegia eta Makina Erremintaren Museotik barrena osatu dute ibilbidea ikastetxe horietako ikasle, irakasle eta langileek. (ikusi hemen: Korrika Gazteko argazki gehiago)

San Roke auzoan barrena korrika.

Institutuko ikasleak Korrika Gaztearen lekukoaren zain.

Bideoa: (imh.es)
Korrika Txikia 15:15ean
  Bi urtetik behin izaten den Korrikaren barruan, Ikastolako eta Herri Eskolako 5 eta 12 urte bitarteko umeek Korrika txikia egingo dute. 15:15ean irtengo dira Madalako parketik, eta ondorengo ibilbidea osatuko dute: Madala, San Frantzisko, Errosario, Plaza Handia, Santa Ana, Arrillaga kalea, Plaza Handia, San Bartolome, Errosario eta Plaza Handia. 15:45ean amaituko da Korrika txikia, eta 16:00etatik 17:30ak bitartean Kiribilekin jolasteko aukera izango dute guztiek.

Elgoibarko lekukoak
  1.452. kilometroan hartuko du Korrikaren lekukoa Elgoibarrek, Azkarateko tutelaren irteeran, eta 1.462an hartuko dio erreleboa Soraluzek. Herri barrura, 19:30ak aldera ailegatuko da eta Madalako parkean egingo diote ongi-etorria. Hona hemen Elgoibarko lekukoak:
  • Azkarateko tunela (Lagunak Pilota Eskola)
  • Azkarate erdiko zubipea (CD. Elgoibar)
  • Larrialdiko bidea (Danobat)
  • Arriagako argindar zentrala (LAB-Alkorta)
  • Trenaren San Pedroko tunela (IMH, Herri Eskola, B.E. Institutua eta Haur Eskola)
  • Matadero aparkalekua (Ikastolako langileak, gurasoak eta ikasleak)
  • La Perla taberna (Iratzar)
  • Madalako kioskoa (Mausitxa txaranga)
  • Sua taberna (Gazte Asanblada)
  • Lorito (Haritz dantza taldea)
  • Kultur Etxea (Txankakua)
  • Jai Alai taberna (Udaleko Euskara Saila)
  • Armueta harategia (Felix eta Jabier)
  • Murua gozotegia (EA)
  • Gorostiza liburudenda (EAJ)
  • Euskadiko Kutxa (Ezker abertzalea)
  • Gorbea taberna (Aralar)
  • Eroski (Elgoibarko Izarra)
  • Burdinezko zubia (Sanlo)
  • Olasoko errotonda berria (AEK)
  • Sigmako autobus geltokia (Haizea taldea)
Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari!

2009ko Korrika Errosario kaletik pasatzen.

Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari! da Korrikaren aurtengo leloa. Euskalakari izenondoak euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen duena esan nahi du batetik, eta bestetik, euskara hobetzeko ahaleginak egiten dituena. Hori baita aurtengo Korrikak zabaldu nahi duen mezua: euskara erabili egin behar dela.
  Apirilaren 7an hasi zen Trebiñun, eta hilaren 17an bukatuko da Donostian, jai handi batekin. Tarte horretan, 2.350 kilometroko bidea osatuko du, eta eskuz esku ibiliko dute milaka euskaltzalek lekukoa.

Korrikaren amaiera jaira oinez
  17. Korrikaren amaiera-jaira joateko mendi-irteera antolatu dute Morkaiko Mendizale elkarteak eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak elkarlanean. Apirilaren 17an, domekan, elkartuko dira Plaza Handian, 7:30ean, autobusez Oriora joateko [jende gutxi animatzen bada, autoetan joango dira]. Oriotik Donostiara oinez joango dira, lau bat orduko ibilaldian, eta Donostiara iristean, korrika egingo dituzte azken pausoak, korrikaren jaiarekin bat egiteko.
  • Informazio osoagoa hemen.