Apirilaren 30ean egingo dute Otegiren aldeko manifestazio nazionala

elgoibarren.net 2011ko api. 18a, 09:27

‘Euskal Herriak politika egiteko eskubidea. Arnaldo askatu, politika askatu’ lemapean egingo dute Arnaldo Otegiren aldeko manifestazioa apirilaren 30ean. Elgoibarren egingo den estreinako manifestazio nazionala izango dela nabarmendu dute sustatzaileek. Bestalde, Otegiren askatasuna eskatzeko sinadurak biltzeko kanpaina bat hasi du Arnaldoren aldeko plataformak.


 Arnaldo askatu Politika askatu herri plataformako kideek Txarriduna hotelean eskaini zuten prentsaurrekoan azaldu zituzten, joan den zapatuan, antolatu duten manifestazio nazionalaren nondik norakoak. Jone Goirizelaiak, Arnaldo Otegiren abokatuak, ere parte hartu zuen prentsaurrekoan. Manifestazioak egin ahal izateko beharrezko baimenak dituela jakinarazi zuten, eta manifestazioan parte hartzera gonbidatu zituzten euskal herritar guztiak.

  Asier Zengotitak irakurri zuen plataformak prentsaurrekorako prestatutako idatzia. “Herri honen etorkizuna oztopatzea xedetzat hartua dutenek inolako arrazoirik gabe” daukatela preso Arnaldo Otegi azaldu zuen. Eta, preso eduki duten 19 hilabeteetan “Arnaldok berak hasitako bideari jarraituz, hainbat aldaketa azpimarragarri” gertatu direla gaineratu. Besteak beste, irtenbide demokratiko eta baketsuaren alde egin den jauzia nabarmendu zuen. “Horretan Arnaldoren parte hartzea ezinbestekoa izan denik ezin ukatu. Horrela ulertu du euskal alderdi politikoen artean gehiengo zabalak, PSOEk barne. Baita sindikatuek eta hainbat arlotan lanean diharduten gizarte eragileek ere”.
Oihartzun zabala
  Prozesu honek gure mugetatik kanpora izan duen oihartzuna ere hizpide izan zuten plataformako kideek. “Bruselako akordioak, Westminster-eko parlamentura B. Currin eta haren taldeak eraman zuten adierazpenak, Katalunia eta beste leku askotatik jasotako atxikimenduek hala adierazten dute. Honi guzti honi, ETAren su eten iraunkor eta egiaztagarria gehitu behar zaio eta ondoren gauzatutako Gernikako akordioa. Aldi berri baten aurrean aurkitzen gara, dudarik gabe”.
Arnaldo espetxean egoteko arrazoiak politikoak
  Egoera berri honen itxaropena Arnaldok sinbolizatzen duela uste dute Arnaldoren aldeko herri plataformako kideek, baina gogoan dituzte, halaber, harekin batera atxilotu eta bahitutakoak: Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. "Horientzat eta euskal preso guztientzat besarkada bana. Hala ere, plataforma honen sorrerari eta ekintzeei dagokienez, ezinbestekoa zaigu Arnaldo askatu, politika askatu eskabideari eustea, gainontzeko eskabideak horretan laburbiltzen baitira”.

  Arnaldo askatu plataformak antolatutako mahai-inguruko (ikus mahai inguruko bideoa) partaideek zabaldu zuten mezua berretsiz, Arnaldo espetxean egoteko arrazoiak “politikoak” direla eta aurrera eman nahi dituzten pausoetan bere esku hartzea "beharrezkoa" dutela nabarmendu zuten zapatuan eskaini zuten prentsaurrekoan.

Baimena eta aparkamenduak
  Manifestazioaren gaineko bi ohar jakinarazi zituzten amaieran. Batetik, manifestazioak beharrezko baimenak dituela azaldu zuten eta, bestetik, autobus nahiz kotxeentzako aparkaleku bereziak egongo direla. Hala eta guztiz, eskualdeko jendeari, batik bat, garraio publikoa erabiltzeko eskaera egin zien Asier Zengotitak.
  • Eguna eta ordua: Apirilaren 30ean (zapatua), 17:30ean, izango da manifestazioa.

Atxikimendu andana
  Arnaldo Otegi aske lagatzeko eskatuz sinadurak biltzen hasi dira Arnaldoren aldeko plataformakoak. Dagoeneko 800 sinaduratik gora batu dituztela jakinarazi dute; Euskal Herrikoak nahiz atzerrikoak. Ezagunenen izenak zerrendatu zituzten: Uxue Alberdi, Jon Maia, Xabier Amuriza, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Fermin Muguruza, Eñaut Elorrieta (Ken 7), Doris Benegas, Hasier Etxeberria, Rafa Larreina, Tasio Erkizia, Pello Zabala, Juan Goriti, Jose Mari Esparza, Carlo Frabetti (idazle eta matematikoa). Talde edo kolektiboei dagokienez, honako hauek aipatu zituzten:  Boltxe Kolektiboa, Euskal Heriko Komunistak, AHT Ez Elgoibar, SOS Praileaitz Elgoibar, Elgoibarko Emakumeen Asanblada, Su Ta Gar taldea, Alternatiba, EA, Aralar, Ezker Abertzalea…