Elgoibarko Udala saritu du Agifesek bere 25. urteurrenean

elgoibarren.net 2011ko api. 18a, 11:45

 
Gipuzkoako Famili eta Eri Psikikoen Elkarteak, Agifesek, 25 urte bete ditu aurten. Urteotan hainbat erakundek eta pertsonek elkarteari eginiko “ezinbesteko” ekarpena eskertzeko zenbait sari banatu dituzte. Sarituen artean dago Elgoibarko Udala.



 Azken 25 urteetan jasotako laguntza eskertu eta erakundeek osasun mentalaren alde lanean jarrai dezatela eskatu zuten buruko gaixotasunak dituzten pertsonak eta senideak biltzen dituen Gipuzkoako elkarteko kideek, Joan den apirilaren 16an, egin zuten sari banaketan.
 Agifesek honakoak saritu zituen bertan: Gipuzkoako Foru Aldundia, Arartekoaren instituzioa, Kutxa Fundazioa, bai eta Donostiako, Elgoibarko, Irungo, Oiartzungo eta Zumarragako udalak.
 Saritutako udalen kasuan, Agifes elkarteari doan laga dizkioten etxebizitzengatik jaso dute saria. “Zaintzapeko pisu moduan erabiltzen dira etxebizitzok eta Agifesen errehabilitazio psikosozialeko programari jarraipena ematen diote bertan. Horren helburua da bizikideen eguneroko bizitzarako gaitasunak sustatzea, ahalik eta autonomia maila altuena lor dezaten”, azaldu dute elkartetik. 2010eko urrian inauguratu zituzten Elgoibarko zaintzapeko etxebizitzak.

"Oraindik estigma handia bizi du kolektiboak"
 Maria Angeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteak (Familien eta Eri Psikikoen Euskadiko Elkarteen Federakuntza) gogorarazi zuenez, apirilaren 25ean 25 urte beteko dira Osasunaren Lege Orokorra indarrean sartu zenetik. Arbaizagoitiak azaldu bezala, arau horrek psikiatrikoetako ateak irekitzea ahalbidetu zuen eta, horrela, gaixotasuna zuten pertsonak etxera itzuli ziren, ez baitzuten ospitaleetan giltzapetuta egon beharrik nahita nahiez. Fedeafeseko ordezkariaren hitzetan, aurrerapauso garrantzitsua izan zen hori kolektiboarentzat, baina, “senideak bakarrik geratu ziren gaixoak zaintzeko garaian. Horregatik sortu ziren elkarteak, familia horiek laguntza eskaintzeko”.

Arbaizagoitiak oso positiboki baloratu zituen duela gutxi sortu diren Menpekotasunaren Legea eta Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Legea, hobekuntzak ekartzen baitituzte kolektiboaren bizi kalitateari eta pertsona hauek aintzat hartzeari dagokionean. Hala eta guztiz ere, azpimarratu zuen oraindik ere “hutsuneak” daudela arreta soziosanitarioaren sisteman.

 Era berean, Osasun Mentalaren alde borrokatzen duten euskal elkarteak biltzen dituen federakuntzaren arduradun nagusiak aipatu zuen oraindik estigma handia bizi duela kolektiboak eta horrek oztopatu egiten duela “pertsona hauek gizarteratu ahal izatea”. Zentzu horretan, Agifes zoriondu zuen aurrera eramaten ari den gizarte sentsibilizazio kanpaina dela eta, ‘Askatu zeure burua. Buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu’ leloa daramana. “Arrakasta handia lortzen ari da kanpaina Estatu osoan. Eskerrik asko eta guztiontzat indarra”, gaineratu zuen.