Debabarrenako Emakumeen I. Topaketa Interkulturala egingo dute maiatzaren 7an

elgoibarren.net 2011ko api. 19a, 12:33

Debegesak, Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailaren babesarekin –Immigrazio Zuzendaritza-, Debabarreneko Emakumeen I. Topaketa Interkulturala antolatzen ari da, eskualdeko Udaletako berdintasun eta immigrazio agenteekin elkarlanean eta, bereziki, Elgoibarko Udalarekin batera.


  Jardunaldia datorren maiatzaren 7an egingo da, zapatua, goizeko 9:30etatik 13:30etara, Elgoibarko Kultur Etxean. Jardunaldia Debegesak buruturiko eta Debabarrenean bizi diren atzerriko pertsona immigranteen integrazioa eta nazioartekotasuna ardatz dituen Eskualdeko Lehenengo Ekintza Planaren baitan kokatzen da. “Helburua da pertsona immigranteen harrera hobetzea, integrazio soziala laguntzea eta elkarbizitza sustatzea, guztiontzat aberasgarri dena”, adierazi dute Debegesatik.

•Jardunaldiak honako helburu hauek ditu:
  • Emakumeei zuzendutako topagune bat eskaintzea.
  • Eskualdeko eta, oro har, lurralde guztiko emakume etorkin, bertako emakume eta jatorri ezberdina duten emakume elkarte ezberdinak ezagutara ematea, baita burutzen duten lana ere.
  • Emakumeen arteko harremanak eta elkarren arteko laguntza bultzatzea.
  • Debabarrenako emakume immigranteen egoeraren eta premien aurre-diagnostikoa egitea.
  • Emakume immigranteen artean asoziazionismoa sustatzea, baita bertako emakumeen eta emakume immigranteen artean ere.
  • Lankidetza eta lan sare bat sortzea, emakume elkarteek eta herrietako teknikariek osatuta.

1706639059704 Debabarrenako Emakumeen I. Topaketa Interkulturala egingo dute maiatzaren 7an

Jardunaldi bat, hainbat ekintza
Jardunaldia bi zatitan banatzen da. Lehenengo zatian, emakume immigranteek, bertako emakumeek eta jatorri mistoa duten emakumeek osatutako lau elkartek hitz egingo dute euren aktibitate, helburu eta ekintza esparruez. Bigarren zatian, berriz, kafe tertulia egingo da “Emakumeen bilguneez gogoeta” lelopean. “Emakume hauek guztiak batzen dituena eta aldentzen dituena aztertzea da helburua, ondoren, etorkizunera begira, hurrengo lan ildoak ezartzeko”. Hurrengo, bateratze-lana egin eta, bukatzeko, ondorioak garatuko dituzte.

Egitaraua honakoa da:
  • 09:30 Irekiera
  • 09:45 Topaketaren aurkezpena
  • 10:00 Hitzaldiak:
     HAIZEA: Elgoibarko emakumeen taldea.
     SAFA: Eibarko arabiar-musulman emakumeen elkartea.
     LACASIUN: Eibarko emakume latindarren elkartea.
     GARAIPEN: Errenteria-Donostiako emakume immigrante eta euskaldunen elkartea
  • 11:00 Atsedenaldia: kafea, tea, etb.
  • 11:30 Kafe-Tertulia: Emakume bilgunetaz gogoeta.
  • 12:45 Kafe-Tertuliaren bateratzea
  • 13:00 Ondorioak eta itxiera
*Haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
*Izena emateko azken eguna: apirilak 29
*Kontaktua eta izena ematea: Ainara Garcia – balioak@debegesa.com – Tel.: 943 820 110