Osororen 'Ezekiel' eta Alberdiren 'Aulki-jokoan' saritu dituzte Juul hauteskunde literarioetan

elgoibarren.net 2011ko api. 28a, 09:44

Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) antolatutako Juul Kanpainaren bitartez egindako hauteskundeei esker, Nafarroako ikastoletako haurrek, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Iparraldeko beste hainbat ikastolakoetakoekin batera, urteko euskal liburu hoberenak aukeratu dituzte. Jasone Osorok idatzitako Ezekiel izan da 12 eta 16 urte bitartekoen lehen aukera, eta Uxue Alberdiren Aulki-jokoa liburuak hirugarren postua eskuratu du batxilergoan dauden ikasleen artean.


  Juul hauteskundeak zazpi kategoria desberdinetan banatzen dira, adinen arabera. Gainera, ilustratzailerik onena nor den erabakitzeko beste bozka bat ere badago. Hamahirugarren urtez jarraian antolatu dituzte aurten literatur hauteskundeok. Aurreko urteetan bezala, bi izan dira bozketa egiteko erabilitako sistemak, hots, betiko boto-txartela eta bozka elektronikoa, juulkanpaina.net webgunearen bitartez. Guztira Euskal Herriko 16.035 ikaslek parte hartu dute Juul hauteskundeetan.
 Kanpaina honek gero eta prestigioa handiagoa du idazle eta ilustratzaileen artean, “beraientzat esanguratsua eta polita baita beren lanen inguruko haur eta gazteen iritzi zuzena ezagutzea”, jakinarazi dute antolatzaileek. “Kanpaina jarraitzen dute eta emaitzak gustu handiz jasotzen dituzte”, gaineratu dute.
Ezekeiel eta Aulki-jokoa gustukoen artean
  Jasone Osorok idatzitako Ezekiel izan zen 12 eta 16 urte bitartekoen artean boto gehien bildu zituena. 3.525 ikaslek eman zuten botoa kategoria honetan.
  Bestalde, Fernando Morilloren Bilbo samurai liburua izan da Batxilergoan daudenentzat (16-18 urte) gustukoena. Kategoria horretan hirugarren liburu bozkatuena izan da Uxue Alberdi elgoibartarraren Aulki-jokoa.