Bildu koalizioak eginiko deiari erantzunez Euskal Herriko hainbat herritan egin zituzten atzo kale bilkurak. Lelo bera erabili zuten kontzentrazio guztietan: “Eskubide guztien alde, ilegalizaziorik ez!”, hain zuzen ere. Elgoibarren, Plaza Handian batu ziren Bilduri elkartasuna adierazi nahi izan zioten herritarrak, eta hamabost minutuko kontzentrazio isila egin zuten.
Auzitegi Gorenak Bilduren zerrendak maiatzaren 22ko hauteskundeetatik kanpo lagatzea erabaki ostean, ostegun gauerdia baino lehen eman beharko du gai honen inguruko epaia Auzitegi Konstituzionalak. Erabaki horren aurretik, manifestazio nazional batean parte hartzeko deia egin du herritar talde batek. Bilbon izango da martxa eguaztenean (maiatzak 5), 20:00etan.