Alkategaiak galderak erantzuten

elgoibarren.net 2011ko mai. 4a, 11:35

Maiatzaren 22ko Udal eta Foru Hauteskundeetara Elgoibarren aurkeztuko diren sei alkategaiak: Alfredo Etxeberria (EAJ), Ovidio Campello (PSE-EE), Jose Luis Ibarzabal (Bildu), Joanes Rodriguez (Aralar), Juan Sanchez Vallejo (Ezker Batuak-Berdeak) eta Francisco Javier Nuñez (PP) elkarrizketatu ditu elgoiBARREN.net orainkariak. Hona hemen alkategaiek emaniko erantzunak:
•Galderak:
  1. Legealdi hau bukatzear dago. Zein da egiten duzuen balorazioa? Aurrekoek egindako zer ez zenukete egingo?
  2. Zer da alkatetza lortuz gero egingo duzun aurreneko gauza?
  3. Zelako udal gobernua aurreikusten duzu hurrengo lau urterako?
  4. Ausartuko al zinateke zure alderdiak zehaztutakotik urruntzen, herriaren mesederako balitz? 
  5. Etxebizitza politikari dagokionean zein bide jarraituko duzue?


Alfredo Etxeberria (EAJ):Udal gobernu sendo bat osatzeko lanei lehentasuna eman beharko zaie"
  1. Elgoibarko Udalak 2004-2010 urteen bitartean izan duen bilakaera ekonomiko eta finantzarioan, gainerako herri administrazioetan bezalaxe, zerikusi zuzena izan du, oro har, ekonomiaren eta diru-bilketaren koiunturak izan duen joerak; baita koiuntura horren joeran, 2009 urtean gertatu den aldaketa sakonak ere. 2007 urtera arte, hain zuzen ere, hazkunde handia izan da. Ondoren, 2008 urtean, alegia, moteltzea etorri zen, eta 2009 urtean, berriz, atzerakada nabarmena bizi izan genuen. 2010 urtean, bestalde, bere onera itzultzen hasi gara, eta espero dugu, joera hori 2011eta 2012 urteetan zehar sendotzea. Bertako eta kanpoko baliabideak erabili izan dira, batez ere, inbertsioak egin ahal izateko. Inbertsioen alorreko jarduera hau, batik bat, 2008 eta 2010 urteetan burutu da. Eskertzekoak dira GFAk, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko Gobernuak eman dizkiguten kanpoko baliabideak; horiei esker, Udalaren zorpetze maila ahalik eta txikiena izatea lortu baita, aldi honetan guztian. Inbertsio horiei esker, udala eraberritu egin da, eta hirigintzaren, ekipamenduen eta herritarrentzako zerbitzuen alorrean zeuden oinarrizko beharrizanak ase dira. Udalean ordezkari politiko guztien artean Legealdiko Plana egiteko konpromisoa hartu izana beharrezkoa izan zen proiektu aitzindari bati ekiteko. Guztien borondatea izan zen horretarako gakoa. Legealdiko Plan honek egonkortasuna ekarri du, eta agerian utzi du informazioaren arintasuna elkar ulertzeko eta elkarrenganako konfiantza izateko lehendabiziko araua dela. Era berean, Legealdiko Plana tresna egokia izan da legealdiko gastu guztia planifikatzeko eta aurreikusita zeuden sarrerekin erkatzeko. Funtsezko lanabesa izan da krisia eraginkortasunez gainditu ahal izateko. Aipatzekoa da inbertsioak herri guztian barrena egin izana: baserri auzoetan, kanpoaldeko auzoetan, kaleetan, parkeetan, azpiegituretan, kirol instalazioetan, gizarte ekipamenduetan eta prestakuntzaren, irisgarritasunaren, herria txukuntzearen eta mugikortasunaren esparruan... Itxaropena dakarkiguten proiektuak ere badira, hala nola, Pilarreko egoitza berria, Elgoibar Berdea, ingurumena errespetatuko duen pertsonen eta salgaien mugikortasuna. Horiek dagoeneko abian daude, datorren legealdian fruituak emateko prest. Bestalde, sail berriak ere sortu dira, esaterako, enplegua eta prestakuntza, berdintasuna. Halaber, herritarrekiko arreta arintzeko eta optimizatzeko tresna berriak ditugu erabilgarri. Errealitate politikoa: Gurea moduko udalak ez dira politikagintzaren erreferente. Hala ere, hainbat eskaeraren aurrean, jarrera jakin bat hartu beharra daukagu. Elgoibarko udal EAJ – PNV taldeak, lehendabiziko unetik, adierazi zuen ez genuela giza eskubideak erreklamatzeko inolako eskaerarik babestuko, baldin eta aldez aurretik, eskubide horien unibertsaltasuna egiaz onartzen ez bazen; eta hori izan da legealdi osoan mantendu eta aditzera eman duguna. Ahalegina egin dugu euskal errealitatea normalizatzen lagunduko duten akordio zabalak jasotzen dituzten hainbat  mozio adosteko. Indarkeria atzean uzteko aukera ezin hobea dugu eskuartean. Azken 85 urteotan, Euskadik eta bertako herritarrek ez dute beraien eskubideak askatasunez erabiltzeko aukerarik izan. Gerra Zibila, diktadura eta terrorismoa benetako oztopo izan dira, herrialde hau aske eta osotasunean hazi dadin. Terrorismoaren biktimen oroimena eta errekonozimendua urrats handia izan da senideak eta lagunak galdu dituzten elgoibartarrentzat. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu, babesa behar izanik ere, beraien funtzioak duintasunez bete dituzten kargu publikoei. Errespetuan eta elkar eramatean oinarritutako bizikidetzan egin nahi dugu aurrera, indarkeriaren kultura gaindituz. Erabakitzeko eskubidearen alde egingo dugu, elgoibartarrok eskubidea dugulako Herriaren ahotsaren parte izateko Euskadiren etorkizuna erabakitzean. Bestalde, azpimarratu nahi dugu, derrigorrezkoa eta beharrezkoa dela sentsibilitate politiko guztiek erakundeetan ordezkaritza izatea. Ilusiozko eta aldi berean zailtasunezko garai hauetan, herritarrek ordezkatuak egoteko beharra dute. Ilegalizazioen bitartez ordezkaritza murrizteak ezegonkortasuna dakar, normaltasun politiko eta soziala lortzeko behar diren aurrerapenak lortzeko aukerak galaraztea. Ezker Abertzalearen egon beharra eskubide demokratikoa da. Bakea, egonkortasun politikoa eta Euskadiren lehiakortasuna dira krisialditik irteteko ditugun balorerik esanguratsuenak, guztiok merezi dugun ilusiozko eta bakezko garai bati atea irekitzen diotenak. Gure udal-taldeak lanean jarraituko du, hori egia izan dadin.
  2. Alkatetza eskuratzeak azken lau urteetako lan eta honen emaitzen errekonozimendu dela ere ulertu behar da, gero ospatu beharko dugu. Bestalde herritarren babesa edukitzea berri ona eta eskertu beharrekoa da. Udal Gobernua sendo bat osatzeko lanei lehentasuna eman beharko zaio, herriaren kudeaketarekin jarraitzearekin bat.
  3. Gaur maiatzak 4, gezurra dirudienez ere, hauteskunde egunerako 18 egun falta direnean, oraindik ez dakigu osotasunean zein izango den herritarrek botoa erabakitzeko edukiko dituzten aukerak. Orain bi urte abertzaleok Eusko Legebiltzarreko gehiengoa galdu genuen gaurko egoera berbera bizi eta gero. Gaur egun, gizarteak behar dituen egonkortasun eta normaltasun politikorako aukerak inoiz baiño hobeagoak eduki arren, gizartearen ordezkaritza murrizteko arriskuekin bizi behar dugu. Herritarrek aukerak osotasunean izango ditugula itxaropenarekin eta bukatzear dagoen legealdi honetan Legealdi Planak emaitza onak eman dituenez, hurrengo legealdian, berriz ere alderdi guztien artean adostutako Legealdiko Plangintza berri baten oinarrituko ditugu eginbeharrak eta arduren banaketa.
  4. Ordezkaritza alderdi politikoen bitartez izaterakoan eta alderdi politikoek beraien arteko desberdintasunak, hauteskunde programak tartean, siglen edo alderdi politikoen garrantzia ezinbestekoa da. Desberdintasuna dago herri eta aberri politikaren artean; Herrigintza herri kudeaketa da. herritarren beharrak ezagutu eta hauei erantzun zuzena ematea, baina herriak ez dira isolatuak bizi eta alderdi politikoek bizitzeko eta aberria ulertzeko modu ezberdina erakusten digute. Alderdiaren parte naizenez, bai alderdiarekin eta bai zinegotzi taldearekin herrigintzari dagokionean, alderdia da herritarren esanetara gerturatzen ahalegintzen garena.
  5. Lurzoruaren eskuragarritasuna bermatu nahi dugu, etxebizitza arrazoizko prezioan eta laguntza-erregimenean gaitzeko. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzeak aukera emango du etxebizitza tasatua eta babestua berehala gauzatu ahal izateko lurzorua eskuratzeko.

Ovidio Campello (PSE-EE): “Bildurekin gertatzen denak eragina izango du udal gobernu berrian”
  1. Amaitzear dagoen legealdiari buruzko balorazio positiboa egiten dugu. Krisiak gora egin duen arren, herriak hobera egin du: Merkadilloa erdigunera itzuli da, ongizatean aurrerapausoak eman dira, adinekoentzako egoitza berria definituta dago, auzoetan hobekuntzak egin dira, gazteentzako zerbitzu gehiago dago, Berdintasun Batzordea sortu da eta genero indarkeriaren kontrako kontzientzian eragin da, kirol instalazioak handitu eta hobetu dira, babes ofizialeko etxebizitza gehiago eraiki dira, terrorismoaren biktimek merezitako omenaldia jaso dute, Andikanoko bide-gorria amaituta dago, Mahai Sektoriala martxan eta proiektuak sortzen ari da, herriko baranda guztiak aldatu dira, kaleak eta parkeak nabarmen hobetu dira, herriaren goiko aldean dauden auzoetarako eskailera mekanikoak edo igogailua ditugu, Sigmako errotonda amaituta dago… Azken batean, guztion artean zerbitzu hobeak dituen herri politagoa egiten ari gara.
  2. Lehenengo erabakia Elgoibarren alde lanean jarraitzea izango litzateke. Gizarte eragile guztiekin eta Udalean dauden alderdi politiko guztiekin hitz egingo nuke, elgoibartarrei entzun, baita udaletxeko langileei ere, sindikatuei, enpresariei, ikastetxeei, jubilatuei, gazteei… elkarte guztiei, oro har. Zergatik? Garrantzitsuena ez delako alkatea, baizik eta, denon herritar guztiok gustura biziko garen herria eraikitzea. 
  3. Hurrengo udal gobernua nolakoa izango den ezin da jakin. Bildurekin gertatzen denak  eragina izango du udal gobernu berrian.
  4. Gure kanpainako lemak dioen bezala “Elgoibar da lehenengoa”. Seguru nago ez dudala nire alderdiaren kontra egin beharrik izango. 
  5. Hirigintza eta etxebizitzari dagokionean garapen iraunkorra sustatuko dugu, aldaketa klimatikoaren kontrako politikak garatuz, ondasun naturalak babestuz eta gure herria antolatuz. Sozialistok herri-hiri bildua eratu nahi dugu, sakabanatutako hiria alde batera utzi eta auzoen giza-kohesio bultzatuko dugu. Era berean, Udalak lurrak eta eraikitze eskubideak eskura ditzan saiatuko gara, babestutako etxe gehiago eraiki daitezen. Horrez gain, etxebizitza zaharrak berritzeko politika sustatuko dugu herriko ingurune degradatuak berreskuratzeko, eta horrek, gainera, enplegua sortuko luke. Babes ofizialeko etxebizitzen aldeko apustua egingo dugu, bereziki, alokairuzkoen aldekoa. Sozialistok bizikletaren erabilpena proposatzen dugu: Bizikletentzako bide eta ibilbide bereziak, seinalizazio egokia, aparkalekuak…  Ingurumen hezkuntzari dagokionean, ingurua hobetzea eta ingurumena ezagutzeko guneak promozionatu nahi ditugu. Berdeguneak herriaren elementu klabeak dira, eta lorategiak eta parkeak zaindu egin behar dira. Era berean, energia garbiak sustatuko ditugu, eta azpiegitura eta gune publikoetan energia hobeto aprobetxatzearen aldeko apustua egingo dugu. Azkenik, herria eta auzoak garbi mantendu behar dira, eta zaborra bereizteko proiektuak garatzen jarraituko dugu. Era berean, Agenda 21 programa garatu eta herriko kaleak, plazak eta auzoak berritzearen aldekoak gara.

Jose Luis Ibarzabal (Bildu): “Herritarren hitza eta aniztasuna ordezkatuko dituen udal gobernua nahi dugu”

  1. Bildu koalizioko partaideak oso egoera ezberdinean egon izan gara aurreko legealdian eta horrek, eragin handia du partaide bakoitzak egin dezakeen balorazioan. Edozein kasutan, balorazioa gazi-gozoa da. Oztopoak oztopo, harro gaude, batez ere, guk kudeatu ditugun sailetan (Euskara eta Kultura) egindako lanaz eta lorturiko emaitzetaz. Gainera, herritar guztiak ordezkatuak izan ez diren aro batetik gatoz, eta hori iragana izatea da gure desioa. Aurrera begira argi daukaguna da elkarlana, indarra biltzea eta herritarrekin batera jardutea izango direla aldaketarako giltzak. Inolaz ere ez parte hartzeari oztopoak jartzea, itxikeria, edota alderdikeria.
  2. Alkatetza lortuz gero, hurrengo egunetik gogor hasiko ginateke lanean. Gure ibilbidean esperientzia ezberdin asko bizitzea tokatu zaigun arren, bai udaletxe barruan bai kanpoan, oraindik badaukagu zer ikasi, eta horri emango genioke lehentasuna. Lehenik eta behin, eta hori oso argi daukagu, egoeraren argazki bat egingo genuke. Horretarako ezinbestekoa jotzen dugu udala eta herritarren arteko zubiak eraikitzea, beste alderdien ikuspuntuak ezagutzea eta proposamenak kontrastatzea eta udaleko teknikari eta langileen eskarmentua eta iritziak biltzea, beraiek baitira udal politikaren bitarteko nagusienetakoak.
  3. Herritarren hitza eta aniztasuna ordezkatuko dituen udal gobernua nahi dugu. Euskal Herria aldaketa aro baten aurrean dago eta testuinguru hori elgoibarren ere islatzea nahi dugu. Aldaketari, bai arlo sozialean eta baita politikoan, bide emango dion udal gobernua da gure aukera. Bide horretan alderdi guztion elkarlanerako ateak zabalduko genituzke. Ziur gaude maiatzaren 22ko emaitzek posible egingo dutela norabide honetan pausuak ematea.
  4. Bildu Elgoibar osatzen dugunak, ibilbide desberdinetatik gatozen herritarrak gara, alderdi eta jende esparru diferenteetakoak. Gure ekarpenik handienetakoa alderdikeria, pertsonalismo edo interes desberdinen gainetik, adostasun puntuak aurkitu eta biltzeko gaitasuna da eta, ondorioz, gure erabakiak hartzeko modua taldelanean oinarrituko da.
  5. Arlo guztietan beharrezkoa bada ere, hemen ezinbestekoa ikusten dugu jasangarritasunean oinarritutako arrazoizko irizpideak erabiltzea. Etxebizitzarako eskubidea bermatzeko ez da beharrezkoa herriko orube bakoitza eraikuntzaz betetzea. Etxebizitza arloan, etxebizitza hutsen errolda berriz egitea izango zen lehentasunetako bat, etxebizitza hutsen definizioa zehaztuz, eta alokairuan jartzeko neurri pizgarriak garatuz. Udalaren etxebizitza politikan alokairuko etxebizitzen sortzea lehentasunezkoa izan behar da. Alokairuzko etxebizitza parke publikoa sustatzea ondo legokelarik.

Joanes Rodriguez (Aralar): “Benetako Elgoibar berdea eta bizi-bizixa nahi dugu”
  1. Askotan errazena izaten da egindakoa kritikatzea eta ahaztu egiten zaigu aldaketarik handiena geure buruari egin beharrekoa dela; autokritika. Hala ere, badira gaiak errotik aldatu beharrekoak udaletxean. Guretzat, batez ere oposizioko alderdia izanda, parte hartu ahal ez izatea izan da zailena. Ez gaizki ulertu, iritzia eman bai, baina udaletxeko erabaki gehienak gobernuak hartutakoak izan dira eta komisio gehienak informatiboak, hau da, erabakien inguruan informazioa transmititzeko. Geuk koalizioan ere gora beherak izan ditugu, baina guretzat, funtsezkoena aurrera begiratzea da. Egindakoa eginda dago. Aire freskoa jarriko dugu udaletxean, eta hori da garrantzitsuena.
  2. Ospatu! benetan ospakizun handia inondik ere! Baina hurrengo egunean goizeko zortzietarako udaletxera joango nintzateke eta udaletxean aldaketa erradikalak nola inplementatu aztertuko nuke, ez bai da lan erraza egungo egoera aldatzea. Alde batetik, politikoen soldaten azterketa eta jaitsiera bat bideratu beharko litzatekeela uste dut, baita hirigintza plan orokorrean martxan jarri diren hainbat obra gelditu ere. Gainera, benetako laguntza behar duten herritarren kasuak aztertu beharko lirateke... Garbi dago ezker abertzalean daukagun ikuspuntutik Elgoibar ez dugula imajinatzen gaur egun planteatuta dagoen bezala. Gauza gehiegi daude egiteko paragrafo batean murrizteko... 
  3. Parte hartzailea, anitza, euskalduna, gaztea, indartsua… Osoagoa eta demokratikoagoa, azken urteetan ez baikara ahots guztiak bertan egon eta egon garenonen artean ere, lankidetza handiagoa espero dut, az absolutismoa. Benetako Elgoibar Berdea eta bizi bizixa nahi dugu.
  4. Niretzako politika lanabes bat da, alderdiak bezala. Politika sigla batzuk baino gehiago da. Ni euskalduna naiz, abertzalea eta ezkerrekoa eta nirekin bat egiten duen edonorekin hitz egiteko prest nago, beti ere, errespetutik eta era eraikitzailean. Hala ere, ez dut uste herritarren onurarako den edozerekin ados egongo ez nintzakeenik. Seguruenik, planteatutako moduarekin desados, ez helburuarekin. Esaterako; Frontoia herrian? bai. Non? or dago benetako politikaren saltsa… adostasunak lortzean, beti ere, herritarren onurarako. Lana da egin behar dena, ereiten duenak, fruituak jasotzen ditu eta. 
  5. Elgoibarren etxebizitzak egon badaude, beraz, hasteko, ez dut zentzuzkoa ikusten berriak egitea (700 bat etxe huts daude herrian). Bestalde, zahar berritze plan integral bat beharrezkoa du herriak. Alde batetik zaharrak dauden etxebizitzak berritu, babes ofizialeko etxebizitzak alokairuko egin, alokairua herritarrei erraztu… Gainera, beste gai bat ere aztertu beharko litzateke; herriko hainbat tokitan bizi diren adineko pertsonak, irisgarritasun arazoak dituzte hainbat gai medio; eskailerak, urruneko auzoak, etxeen zabalera… beraz, adineko pertsona hauentzat pisu espezifikoak beharko lirateke eta trukean, hauen etxeak gazteei alokatu zentzuko prezio baten truke. Azken finean, hirigunean bizitza sortu nahi badugu, gazte jendeak herrian egon behar du eta ez Mendaron lotan, Elgoibarren bizitza eginez.

Juan Sanchez Vallejo (EB):" Beti baztertu izan ditut demagogia eta kanpainako promesak"
  1. Ez naiz udal ordezkari izan bukatzen ari den legealdi honetan, eta beraz, ezin dut egindakoaren gaineko juzgu politikorik egin.
  2. Udalaren diru kontuak eta aurrekontua aztertu. Izan ere, aurrekontuak lagatzen duen neurrian bakarrik egin ahal izango nituzke inbertsioak, alkate izendatuz gero. Gure Udalak behar beste baliabide izango balitu (gauza benetan zaila krisi egoera honetan), gizarte eta osasun arloko hainbat proposamen aurkeztuko nituzke, bereziki edadetuei eta gabezia handienak dituztenei begira. Gauza bat ez nuke sekula egingo (ez dut egin Eibarren zinegotzi izan naizen bi legealdietan eta hemen ere ez): agindu eta ez eman. Beti baztertu izan ditut demagogia eta hauteskunde kanpainako promesak.
  3. Egoera politiko nahasi honetan ez da erraza zer gertatuko den aurreikustea. Hala ere, iruditzen zait EAJ eta PSE-EEren arteko udal gobernu bat osatuko dela. Elkarren beharra dute bi alderdiok, eta ziurrenik hauteskundeetako emaitzek horretarako bidea emango dute. Guk, Ezker Batuan, beti lehenetsi ditugu udal programak eta programetako edukiak, eta horregatik prest geundeke gure programako puntu garrantzitsuenetan bat egiten duen beste edozein alderdirekin elkarlanean gobernatzera.
  4. Ausartu bakarrik ez. Areago, ez nuke inongo arazorik izango hori egiteko. Ez nuke nire alderdiaren kontra egiteko arazorik izango, ni botoa eman digutenei zor natzaielako. Hori bai, herriaren interesak gure alderdiarenarekin uztartzen saiatuko nintzateke.
  5. Lurzoru publikoaren kudeaketa fintzeko politikak sustatuko ditugu, babestutako etxebizitzak eraikitzeko. Etxebizitza planak sustatzeko orduan aintzat hartuko dugu herritarren parte-hartzea. Etxebitza zaharrak berritzeko planak bultzatu eta alokairuzko etxebizitzen alde egingo dugu. Era berean, etxebitza hutsen udal erregistro bat sortuko dugu, eta etxebizitza huts horiek merkaturatzeko %200eraino igoko dugu etxebizitza ondasunen gaineko zerga. Azkenik, Bizigune programarekin kolaboratuko dugu.

Francisco Javier Nuñez (PP): “Alkatea denona da, botoa eman diotenenea eta ez diotenena”
  1. Elgoibarko beste edozein langabetuk egingo lukeena: negatiboa. Besteek egin dutenetik zer ez nukeen errepikatuko? Besteak gutxiestea. Ez nuke herriak demokratikoki aukeratu duen hautagairik inoiz gutxietsiko. Alkatea denona da, botoa eman diotenena eta eman ez diotenena. Udal talde bat edota zinegotzi bat mespretxatzea eta gutxiestean (nerekin egin duten antzera) ez dira pertsona jakin bat edota pertsona horrek ordezkatzen dituen siglak gutxiesten ari, ezberdin pentsatzearren beste aukera politiko bati botoa eman dioten herritarrak baizik. Legealdi honetan, herritarrak engainatu dituzte elkarrenganako begirunea, errespetua, elkarrizketa eta akordioa moduko promesekin, eta horrek asko esan nahi du horiengan izan daitekeen konfiantza mailaz. Nik ez nuke egingo. Nirekin berba egin nahi izan duen ororekin bildu nahiz ni, eta nerekin egon nahi izan duten guztiekin egon naiz.
  2. Galdera zaila da, asko direlako Elgoibarrek behar dituen gauzak, eta bakarra aukeratzea oso zaila delako. Udala herritarrei zabalduko nieke, eta zabaldu esaten dudanean bere zentzu osoan ari naiz (gerturatu, zerbitzuak, gardentasuna…).
  3. Elgoibarrek aurrera egiten jarraitu behar du, eta hori da udal gobernuek sustatu behar dutena, udal gobernu horren kolorea edozein dela ere. Orain arte moduan, oposiziotik udal gobernuari laguntzeko prest nago, eta berdin egingo dut udal gobernurako aukeratzen banaute ere. Azken batean Elgoibarrek aurrera egitea izan behar delako gure lehenengo helburua, gobernuan edozein dagoela ere. 
  4. Udalaren egunerokoa jarraitu duenak edo ni ezagutu nauenak badaki uneoro Elgoibarrentzat eta elgoibartarrentzat onena dena egiten ahalegindu naizela. Nire ideia, printzipioak eta baloreak oinarri hartu izan ditut beti, ezin delako beste modu batean izan. 
  5. Gaur egun, euskal herritarren parte handi bati ez zaie bermatzen Konstituzioan jasotako etxebitza duin baterako eskubidea. Horregatik, administrazio publikoen betebeharra da, tartean Elgoibarko Udalarena ere bai, behar beste etxebitzia eraikitzea. Eta bide hori da nik jarraituko dudana. Hirigintza Plan Orokorra garatuko dut, errenta apaleko gazteentzako alokairuzko babestutako etxebizitzak eraiki ditzaten bultzatuko dut eta etxebizitza zaharrak berritzeko laguntzak ematearen alde egingo dut. Horiek dira proposamenetako batzuk. Dena den, proposamen guztien berri izateko hobe hauteskunde programa irakurtzea. Beste batzuek egiten ez duten arren, gurea herritar guztien eskura dagoelako.