Elgoibarrek 1-2 irabazi dio Soraluzeri, Herriarteko kanporaketako joanekoan

elgoibarren.net 2011ko mai. 4a, 13:27

 
Nagusiek galdu arren, kadeteen eta jubenilen garaipenarekin abantaila lortu dute pilotari elgoibartarrek lehen kanporaketako itzuliko neurketarako. Datorren barixakuan (maiatzak 6) jokatuko dituzte itzuliko partidak, 20:45ean, Ikastolako frontoian.

 

 Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako final-hamaseirenetako joanekoan Soraluzeri hiru partidetatik bi irabazita, kanporaketa gainditzeko aukera handiak ditu Elgoibarrek. Itzuliko partidak etxean, Ikastolako frontoian, jokatuko dituztelako, batez ere. Lagunak Pilota Eskolako kideek zaleen babesa ezinbestekoa izango dela azaldu dute eta herritarrei frontoira azaltzeko deia egin diete.

Gaztetxoetan elgoibartarrak nagusi
  Kadeteetan Garatek eta Condek osatutako bikoteak 17 eta 22 irabazi zieten plaentxiarrei. Partida estua jokatu zuten gaztetxoek eta hamazazpina berdinduta ere egon ziren. Azken bost tantoak, baina, errenkadan egin zituzten pilotari elgoibartarrek eta kanporaketan erabakigarria izan daitekeen puntua eskuratu zuten. Jubenilen partidak ez zuen kolorerik eduki eta Txurruka eta Alberdi elgoibartarrek 2-22 irabazi zuten. Helduen partida 22-11 emaitzarekin bukatu zen, Soraluzeko bikotearen alde. Elgoibartarrek maila handiko hiru pilotari: Eneko Loiola, Haritz Arribillaga eta Iker Txurruka dituzte aurten helduen mailan aritzeko. Soraluzen Arribillagak eta Txurrukak jokatu zuten. Saiatu ziren arren, aurrean zuten bikoteak, Jauregik eta Atxotegik osatutakoak, eskarmentu handiagokoa dela erakutsi zuen eta hamaika tantoan laga zuen Elgoibarko bikotea.
  Kanporaketa gainditzen duenak Andoian izango du zain final-zortzirenetako kanporaketan. Aurten, 22 herri ari dira parte hartzen Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan eta ekainaren 26an jokatuko da final handia. [ikus hemen: norgehiagokak (PDF)]

Udaberri eta Debarroko txapelketak

  Herriarteko pilota txapelketaz gain, beste txapelketa batzuetan ere badabiltza pilotari elgoibartarrak. Debarroko txapelketan, esaterako, Ozkarbiko bikotearen aurka 5-22 galtzea tokatu zitzaien oraingoan Lagunak Pilota eskolako nagusiei.
  Lau t´erdiko Udaberri txapelketan, bestalde, Lagunak taldeko hiru pilotarik parte hartuko dute: Asier Lizarraldek, Aitor Agirrebeñak eta Haritz Arribillagak, hain zuzen ere. Datorren domekan (maiatzak 8), 11:00etatik aurrera, jokatuko dituzte horiek partidak Ikastolako frontoian.