3Dko infografia erabiltzen du Koldo Etxebarriak gizakiaren dimentsio metafisikoa bilatzeko. Gazterik hasi zen 3D teknologiarekin lanean, eta lehenengotarikoa izan da teknologia hori artearen esparrura eramaten. Isilik eta kontenplazio jarreran ageri den gizakiaren irudia da artistak lan horietan darabilen baliabide nagusia. Barne edertasun metafisikotik abiatuta inguruari zabalik dagoen gizakia dugu Etxeberriaren lanetako protagonista. Arkitekturak ere badu bere lekua, eta hainbat eraikinen bitartez edertasuna egunerakotasunean dagoela islatu nahi du artistak; gizakiaren ohiko bizilekuetan, bere etxean, lanean, aisialdian...
Etxeberriak 27 urte daramatza ETBko sail artistikoan lanean, eta makina bat erakusketatan ikusi dira haren artelanak, Los Angelesko (AEB) Digital Art Galleryn, esaterako.
- Ordutegia: Kultur Etxeko erakusketa gelan ikus daitezke lanak, maiatzaren 22ra arte: astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 21:00etara. koldoetxebarria.com webgunean ere ikus daitezke irudiok.