Haundik bizirik dirau mailari eusteko lehian

elgoibarren.net 2011ko mai. 9a, 14:23

 
Ligako azken-aurreko jardunaldian Lagun Onak taldeari 2-3 irabazi eta gero, bizirik dirau Haundik Hirugarren mailari eusteko lehian. Datorren asteburuan, ligako azken jardunaldia jokatuko da eta elgoibartarrek Portugalete taldea hartuko dute Mintxetan.

 
 Une honetan, sailkapeneko 17. postuan sailkatuta dago Haundi, 36 punturekin, jaitsiera postuetatik kanpo. Aurten, baina, lau talde jaitsiko dira hiru beharrean. Izan ere, Bigarren B mailan dagoen Barakaldok maila galdu du, matematikoki, eta datorren urtean Hirugarren mailan arituko denez, lau taldek galduko dute maila Hirugarren mailako laugarren multzoan. Gauzak horrela, azken jardunaldian une honetan daukan postuari eutsi beharko dio Haundik nahita nahiez. Mailari eusteko ez da nahikoa izango, ordea. Horretarako, play-off-ak jokatzeko sailkatu diren lau taldeetako (Amorebieta, Laudio, Sestao River eta Cultural Durangok) batek mailaz igotzea lortu beharko du-eta.
•Ikasleek sarrera doan
 Azken bi denboraldietan play-off-etan aurrera egiteko zaleen babesa behar izan du Haundik, oraingoan, aldiz, mailari eutsi ahal izateko ezinbestekoak izango dira animuok. Ligako azken partiduan Portugalete taldearen aurka neurtuko ditu indarrak CD Elgoibarko talde nagusiak. Datorren zapatuan (maiatzak 14) jokatuko dute partidua, Mintxetan, 18:00etatik aurrera. Hil ala biziko partidua izango da Haundirentzat, mailari eusteko aukerekin jarraitzeko CD Santurtzi baino gorago amaitu behar baitu, derrigorrez, sailkapenean. Elgoibartarrek bizkaitarrek baino puntu bat gehiago dute une honetan eta gol-averagea ere alde dute. Hortaz, Portugaletek azken jardunaldian lortzen duen emaitza bera lortuta, sailkapenean Santurtziren gainetik amaituko luke Haundik. Santurtziarrek Santutxu FC taldea hartuko dute etxean azken jardunaldian.
Zaleeen babesa ziurtatzeko, Elgoibarko eta Mendaroko ikasleek, nagusi batekin badoaz, ez dute sarrerarik ordaindu beharrik izango Elgoibar eta Portugaletek zapatuan jokatuko duten partidua ikusteko.