Lendinez eta Lazkano Eibarko duatloiko podiumean

elgoibarren.net 2011ko mai. 10a, 14:29

 
Iñigo Lazkano mendaroarrak hirugarren postua eskuratu zuen Eibarko duatloian, joan den domekan. Ainhoa Lendinezek, bestalde, zilarrezko domina lortu zuen emakumezkoetan. Gainera, Gipuzkoako Duatloi Sprint Txapelketako lehen postua lortu zuen, proba berean, elgoibartarrak.

 

 Euskal Herriko duatloi zirkuituko azken aurreko proba, Eibarko duatloiaren hogeigarren edizioa, jokatu zen domekan (maiatzak 8) Eibarren. Bertan, 68 mutilek eta 11 neskak parte hartu zuten sprint distantzian (5km-25km-2.5km) jokatu zen proban.

Iñigo Lazkano, 83. zenbakidun dortsalarekin.

Gizonezkoetan Patxi Urizar billabonatarra izan zen irabazlea (1:08:20), Luis Mari anaiaren aurretik. Bi anaiak elkarrekin sartu ziren helmugan, segundo bakar bateko aldeaz. Bi anaiengadik 25 segundora ailegatu zen helmugara Iñigo Lazkano mendaroarra. Antxitxika egin beharreko lehen bost kilometroak hamazazpi minutu eta 50 segundotan egin zituen Lazkanok. Bizikleta gaineko zatia 41 minutu eta 54 segundotan osatu zuen eta saltaka egin beharreko azken partziala bederatzi minutu eta bi segundotan egin zuen. Orotara, 1:08:48ko denbora. Urgazi triatloi taldeko Josean Ruiz eta Javi Fernandez elgoibartarrek ere parte hartu zuten proban eta 15. eta 54. postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren.

1706639026622 Lendinez eta Lazkano Eibarko duatloiko podiumean

Lendinez Gipuzkoako txapeldun
Emakumezkoen proban, Radka Vodickova (T. Fuente Alamo) txekiarrak lortu zuen garaipena. Ainhoa Lendinez sailkatu zen bigarren postuan eta Leire Etxezarretak eskuratu zuen hirugarren postua. Eibarko duatloia Gipuzkoako Duatloi Sprint Txapelketa ere bazen, eta, Ainhoa Lendinez izan zenez helmuga gurutzatu zuen lehen gipuzkoarra, bera dugu duatloi modalitate honetako Gipuzkoako txapeldun berria.

Neskak (11 guztira):
  1. Radka Vodikova: 18:58-46:12-09:32 (1:14:42)
  2. Ainhoa Lendinez: 20:26-47:51-09:46 (1:18:03)
  3. Leire Etxezarreta: 20:54-47:39-10:07 (1:18:40)
*Sailkapen osoa

Mutilak (68 guztira):
    1. Patxi Urizar: 17:49-41:29-09:02 (1:08:20)
    2. Luis Mari Urizar: 18:23-40:47-09:11 (1:08:21)
    3. Iñigo Lazkano: 17:50-41:54-09:02 (1:08:46)
    15. Josean Ruiz: 19:01-46:03-08:58 (1:14:02)
    54. Javi Fernandez: 19:57-53:44-09:54 (1:23:35)