Estreinako emakumeen topaketa interkultural arrakastatsua

elgoibarren.net 2011ko mai. 10a, 17:37

 
Antolatzaileak oso gustura geratu dira Debabarrenako Emakumeen Lehen Topaketa interkulturalak izan duen harrerarekin, eta, "arrakastatsutzat" jo dute lehen esperientzia izan dena. Debegesak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Sailaren babesarekin eta eskualdeko Udaletako berdintasun eta immigrazio agenteekin elkarlanean antolatu duen topaketan 59 emakumek parte hartu zuten.


 Jardunaldia joan den maiatzaren 7an egin zen Elgoibarko Kultur Etxean. Bertan, 59 emakume bildu ziren, elkarte ezberdinetako ordezkariak horietako hamabi. Honako hauek dira ordezkatuta egon ziren elkarteak: Haizea (Elgoibarko Emakumeen elkarte kulturala), Elgoibarko Emakume Asanblada, Miski (Cuzco-ko haurren garapena bultzatzeko GKEa), Zabaltzen Sartu (gizarteratzearen aldeko Elgoibarko elkartea), Safa (Eibarko emakume arabiar musulmanen elkartea), Lacasiun (Eibarko emakume latindarren elkartea), Altzoa (Eibarko alargunen elkartea), Asociacion de Mujeres Pagatxa (ekimen sozio-kultutralak bultzatzeko Eibarko elkartea), Defibel, Garaipen (Errenteria-Donostia aldeko emakume euskaldun eta etorkinen elkartea), Bekoz Beko (berdintasunaren alde eta genero indarkeriaren aurkako Pasaiako elkartea) eta Hitzez (Itziarko landa eremuko emakumeen elkartea).
Elkarteetako ordezkariez gain, hainbat herritarrek, Debabarrenako Udaletako Berdintasun zinegotzi eta agenteek eta Debegesako teknikariek ere parte hartu zuten.

1706639025596 Estreinako emakumeen topaketa interkultural arrakastatsua

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lan-taldeetan lan egin ostean, elkar ezagutzen jarraitzea garrantzitsua dela ondorioztatu zuten Topagune interkulturalean parte hartu zuten ia denek. Horretarako, beharrezkoa ikusten dute egin zutena moduko topagune gehiago sustatzea eta bilera gehiago antolatzea. Emakumeen beharrizan premiazkoenak zein diren identifikatu, aztertu eta muga zein topiko ohikoenak deuseztu eta gainditzeko gune aproposak direla uste dute-eta.
Beharrizan premiazkoenak
 Honako hauek dira atzeman zituzten beste eginbehar eta beharrizan premiazkoenetako batzuk: Berdintasunean oinarritutako hezkuntza (feminismoa) bultzatzea, genero arrazoiengatiko diskriminazio kasuak ezagutzera ematea, oinarrizko eskubideak (lana, etxebizita eta hezkuntza) eskainiko dituen sistema baten alde lan egitea, immigrazioaren ikuspegi positiboa plazaratzea, Debabarreneko emakumeen eta emakume elkarteen arteko sarea osatu, informazioa eta esperientzia partekatu ahal izateko, erlijio ezberdinak ezagutu eta onartzeko ekimenak burutu, e.a.

1706639025674 Estreinako emakumeen topaketa interkultural arrakastatsua

 

1706639025751 Estreinako emakumeen topaketa interkultural arrakastatsua