Joanes Rodriguez: “Herriko gazteei babesa eskainiz bakarrik lortuko dugu etorkizuneko Elgoibar”

elgoibarren.net 2011ko mai. 11a, 11:55

Langabezia eta gazteek etxebizitzak lortzeko dituzten zailtasunak izan zituen hizpide, besteak beste, Joanes Rodriguezek Aralar alderdiak Elgoibarren egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian. Elgoibarrerako alkategaiaz gainera, Aralarko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok eta Rebeka Ubera Batzar Nagusietarako hautagaiak ere parte hartu zuten Nafarroa plazan egin zuten ekitaldi politikoan. (bideoa dauka)


 Langabeziaren arazo larriari “pegak bai”, baina inork ez diola soluziorik ematen salatu zuen Joanes Rodriguezek, Aralar alderdiak maiatzaren 22ko Udal Hauteskundeetarako Elgoibarren aurkeztu duen alkategaiak. Bere esanetan, “Ondare naturalari eta erreminta makinari bultzada bat emanez gero, ez bakarrik lanpostu berriak, ideia eta merkatu aukera berriak ere sortuko genituzke. Garbi ikusten duguna zera da: Hezkuntzan inbertituz eta herriko gazte jendeari babesa eskainiz bakarrik lortuko dugula etorkizuneko Elgoibar”.
Gazteak eta etxebizitza
 Etxebizitza bat eskuratzeko gazteek, batez ere, dituzten zailtasunak ere aipatu zituen Aralarreko alkategaiak. “Gaur egun ezinezkoa da gazte batentzat etxe berri bat erostea planteatzea bera ere”, esan zuen. “Herria eraikitzeko” herriko jendea herrian bizitzea beharrezkoa dela uste du Rodriguezek. “Gazteek ikasketak amaitutakoan erizaintza lanetara Ingalaterrara edo ingeniaritza lanetara Alemaniara alde egitea. Horixe da nahi ez duguna. Horrek ezin du hola izan. Hemengoen etorkizuna bermatzeko hemendik aldatu behar dira gauzak, eta guk aldatu behar ditugu. Ez gara inoren zain egion behar”.
{youtube}HkHertTTi-8{/youtube}
  Aralarko legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok, bestalde, adierazi zuen abertzaletasuna erakargarri borondateak metatzetik egin behar dela, ez inposaketatik. “Horretarako hankak lurrean jarri, XXI. Mendeko gizartea entzun eta erabaki esparru bakoitzeko soziologia kontuan hartuz egindako proposamenak helerazi behar dira. Entzungo duen abertzaletasuna, indarrak biltzea helburu duen abertzaletasuna, borondateak erakarriz aurrera egingo duena, beste bide demokratikorik ez dagoelako. Horrek pazientzia demokratikoa eskatzen du”.