Elgoibar Ikastola 50. urteurrena ospatzeko logotipo bila dabil

elgoibarren.net 2011ko mai. 13a, 10:39

 
Elgoibar Ikastolak 2012an 50. urteurrena ospatuko duela eta, ospakizun horren inguruan burutuko diren ekitaldien irudia izango den logotipoa aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Bestalde, Foru Aldundiaren Kosmodisea zientzia lehiaketan saritu dute Elgoibar Ikastola.


 Logotipo lehiaketa irekia da, edonork aurkez dezake logotipoaren diseinu proposamena, beti ere Elgoibar Ikastolaren 50. urteurrenaren ideia oinarri hartuta. Proposamenak Elgoibar Ikastola, Ermuaran bide, 7 20870 Elgoibar helbidera bidali beharko dira ekainaren 1a baino lehen. Saritutako lanaren berri ekainaren 4an emango da, Ikastolaren Egunean  egingo diren ekitaldietan. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Elgoibar ikastolak gonbidapena egiten die interesatuei, herritarrei eta bereziki ikasle ohiei parte hartzera anima daitezen.
•Kosmodisea zientzia lehiaketan saritua

1706639022730 Elgoibar Ikastola 50. urteurrena ospatzeko logotipo bila dabil

Kosmodisea zientzia lehiaketan saritu dute Elgoibar Ikastola. Foru Aldundiaren Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuaren ekimena da Kosmodisea, eta pertsona ekintzailea izateko balio eta trebetasunak bultzatzen ditu. Aurten, Elgoibar Ikastolako bederatzi talde aritu dira, LH3, LH5, DBH1 eta DBH3 mailetakoak, eta horietatik lauk saria jaso dute. Hona hemen Elgoibarko irabazleak: Lehen Hezkuntzako 3. mailan: Atxolin taldeak 1. saria jaso du, eta Moruk bigarren saria. Lehen Hezkuntzako 5. mailan: Elvi taldeak lehenengo saria eta Hogeitahiru taldeak bigarren saria.