Alfredo Etxeberria: “Lanpostuak sortzea izango da legegintzaldi berriko erronka nagusietakoa”

elgoibarren.net 2011ko mai. 19a, 12:36

Lanpostu berriak sortzeko egingo dituzten ahaleginak, gazteentzako dituzten proiektuak eta aisialdirako ekipamendu berrien beharra izan zituzten hizpide, besteak beste, Alfredo Etxeberria, Irune Berasaluze eta Markel Olanok, atzo, Usuako parkean egin zuten hauteskunde kanpainako ekitaldian.


 Kafe-tertulia moduko bat antolatu zuen EAJk maiatzaren 22ko Udal eta Foru Hauteskundeei begira dituzten asmo eta erronka nagusien berri emateko. Mendaroko eta Elgoibarko egungo alkateek, Irune Berazaluze eta Alfredo Etxeberriak; eta, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako EAJren hautagaiak, Markel Olanok, parte hartu zuten solasaldian.
 Alderdi jeltzaleak dituen asmo, ideia eta erronken berri eman zuten hirurek. Elgoibarrerako eta Mendariorako dituzten asmoen berri Etxeberria eta Berasaluzek eta Gipuzkoak dituen erronka nagusien inguruan berba egin zuen Olanok.
"Lanpostuak sortzeko unea"
 Krisiak baldintzatutako legegintzaldia izan dela nabarmendu zuten hirurek. Hala eta guztiz, egoerak hobera egingo duen itxaropena dute. “Krisiak hondoa jo duela dirudi eta orain da unea burua atera eta lanpostuak sortzeko. Horixe izango da gure erronka nagusienetakoa”, adierazi zuen Alfredo Etxeberriak. Pilareko zahar etxea jarri zuen adibide modura. “Pertsona edadetuei zerbitzua eskaintzeaz gainera, lanpostu berriak sortuko dituzte ekipamendu horiek”. Gazteentzako proiektuak ere badituztela gaineratu zuen. “Gazteak direla etorkizuna esatea erraza da, baina zerbait gehiago eskaini behar zaie, eta guk baditugu proiektu batzuk esku artean. Bat aipatzearren, proiektu berri bat lantzen ari gara Udaletik; gazteei erabilera anitzeko gune bat (topagune bat) izateko aukera emango diona, baina bestalde herrikoak eta herrikoak ez diren gazteak elkartzea eta erlazionatzea ahalbidetuko duena”. Ingurumena zaintzeko duten konpromisoa ere aipatu zuen Etxeberriak. “Dekalogo moduan sortu zen Elgoibar Berdea ekimena tresna egokia da bide horretan”, esan zuen.
Mendaroko gabezia nagusienak
 Irune Berasaluzek, bestalde, Mendarok une honetan dituen gabezia nagusiak nabarmendu zituen: kirol instalakuntza falta eta herrirako sarrera edo zubi berri bat. “Mendaroko ikastolako patioa estaltzen dugunean, irtenbidea emango diogu, nolabait, kirol instalakuntzen beharrari, baina zubi berri bat eraikitzea izango da legegintzaldi berrirako erronka nagusienetakoa, une honetan autoentzako sarrera bakarra baitu Garagartza auzoak”.
Argazkiak:

1706638996190 Alfredo Etxeberria: “Lanpostuak sortzea izango da legegintzaldi berriko erronka nagusi

1706638996255 Alfredo Etxeberria: “Lanpostuak sortzea izango da legegintzaldi berriko erronka nagusi

1706638996329 Alfredo Etxeberria: “Lanpostuak sortzea izango da legegintzaldi berriko erronka nagusi

1706638996420 Alfredo Etxeberria: “Lanpostuak sortzea izango da legegintzaldi berriko erronka nagusi