Bertsogintza eta ahozkotasuna lantzen aritu dira 200 ikasletik gora

elgoibarren.net 2011ko mai. 19a, 18:22

 
9 eta 13 urte bitarteko 247 ikaslek bi bertso saio eskaini dituzte Herriko Antzokian, bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko egitasmoaren barruan. Saioak martitzen eta eguaztenean izan ziren, eta ikasleekin batera, Urko Egaña eta Mikel Olaizola elgoibartarra izan ziren bertsotan. Euskara ezagutzatik erabilerara eramatea da egitasmoaren helburua.


 Bertsogintza eta Ahozkotasuna egitasmoaren seigarren edizioa izan da aurtengoa, eta bertan, ikasleek, astean, ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, horretarako bitarteko tresna bertsoa izan dutelarik. Euskararen ezagutzatik erabilerara dagoen jauzia egiteko ezinbestekoa da ahozkotasuna lantzea eta horretarako aproposa da egitasmoa. Udalak Euskara Biziberritzeko Planaren barruan kokatzen du egitasmo hau eta horretarako diru-laguntza eman ohi du urtez urte.

Elgoibarko ikastetxeetako irakasleek Bertsozale elkarteko Iñaki Gurrutxagarekin elkarlanean egindako lana bikaina izan da, eta horren erakusgarri izan da kurtso bukaeran 200 ikasletik gora bertsotan jarri izana. Atzo (maiatzak 18) eta herenegun, 9-13 urte bitarteko 247 ikaslek ikasturte honetan landutakoa erakusteko aukera izan dute Herriko Antzokian emandako bi saioetan. Saio horietan Urko Egaña eta Mikel Olaizola elgoibartarra ere izan dituzte, bat-batean kantari.