Morkaiko Egunak 400 mendizaletik gora batu zituen

elgoibarren.net 2011ko mai. 24a, 10:36

Morkaiko Egunaren estreinako edizioa ez ahazteko modukoa izan da bertan parte hartu duten 411 lagunentzat. Elgoibarko Mendi Itzulia osatu zuten 240 lagunek, eta Itzulitxoaren estreinako edizioan parte hartu zuten 171 ume zein gurasoek dena alde izan zuten, eguraldia barne, mendia aitzaki hartuta egun zoragarri bat pasatzeko. Mendi taldeak lan handia egin zuen antolakuntzan. Besteak beste, 400 lagun ingururi jaten eman zieten elizako arkupeetan. (argazkiak dauzka)

 Morkaiko Eguna antolatuz apostu handia egin du aurten Morkaiko mendi taldeak. Batetik, Elgoibarko Mendi Itzulia egiten den egun berean Itzulitxoa ere egitea erabaki zuten, ume eta gurasoak mendira erakarri asmoz. Eta, bestetik, aurrekoak lan gutxi ez, eta Finalista Eguneko dominak ere egun berean banatzea erabaki zuten. [ikus hemen: dominak jaso zituzten 23 lagunen zerrenda (PDF)}
  Mendi taldeko kideek, Ikusiak ikusita, dena ondo atera zela adierazi dute, eta gustura daude oso Morkaiko Egunak herritarren artean izan duen harrerarekin. Morkaikoko lehendakari izandako lagun batek ohitura bihurtu zuen esaldia errepikatzeko aukera izan zuten, beste behin, Morkaiko Egunaren amaieran. Alegia, Morkaiko Eguna “Morkaikoren beste arrakasta bat” izan dela.
60 kilo haragi gisati eta 17 kilo pasta

1706638991133 Morkaiko Egunak 400 mendizaletik gora batu zituen

Herriko enpresa, komertzio, taberna eta norbanako askoren laguntza beharrezkoa izan da Morkaiko Eguna antolatzeko, eta guztiak eskertu nahi dituzte Morkaikoko kideek. Beraiek ere jaso zuten, baina, mendi itzulietan parte hartu zuten lagunen esker ona, mendizaletasunaren jai handia antolatzen egindako lanagatik. Egun guztian mendian bizi izandako giro onak elizako arkupeetan egin zuten bazkarian izan zuen jarraipena. Mendian ibili ziren lagun ia denak azaldu ziren bazkaltzera. Hirurogei kilo haragi gisatu jan zituzten guztien artean, entsalada, urdaiazpiko eta abarrez gainera. Umeek, berriz, hamazazpi kilo espageti irentsi zituzten. Denera 150 ogi barra jan zituzten. Anoa postuetan, berriz, 50 kilo pasteltxo jarri zituzten, salda, txorixo eta beste hainbat gauzez gainera. Horiek dira Morkaiko Egunak laga dituen zenbakietako batzuek.

1706638991187 Morkaiko Egunak 400 mendizaletik gora batu zituen

Txorkatila bihurrituak
Gorabehera handirik gabe ibili ziren mendizaleak Elgoibar inguratzen duten mendietan barrena, alabaina, lau lagunek txorkatila okertu eta bertan behera laga behar izan zuten itzulia. Morkaikoko kideek adierazitakoaren arabera, gero eta gehiago dira horrelako mendi probetara zapatilekin joaten direnak, “zati batzuk antxitxika egiteko asmoarekin”. Ohitura horrek bihurrituekin zerikusirik izan dezakeela uste dute.

23 umek jaso zuten domina egindako mendien errekonozimendu moduan.

Mendi Itzulitxokoak Iruiturrin atseden hartzen.

1706638991424 Morkaiko Egunak 400 mendizaletik gora batu zituen

1706638991515 Morkaiko Egunak 400 mendizaletik gora batu zituen

1706638991595 Morkaiko Egunak 400 mendizaletik gora batu zituen

1706638991673 Morkaiko Egunak 400 mendizaletik gora batu zituen

*Bideoa: laster jarriko dugu Morkaiko Eguneko irudiekin osatutako bideoa.