Elgoibarko gazte mugimendua bateratzeko helburuarekin sortu zuten herriko zenbait gaztek HARRO2 taldea. Joan zen urteko maiatzaren 21ean aurkeztu zuten elgoibartarren aurrean, eta, orain, urtebete pasa denean, hausnarketa txiki bat egiteko une aproposa dela erabaki dute bertako kideek. Horretarako, bilera bat egingo dute ekainaren 3an, barixakua, Plaza Handian. Jai giroa eman nahi izan diote bilerari, eta, hala, 19:30ean Plaza Handian elkartu ostean, txaranga poteoa egingo dute. Kalean behera abiatuko dira eta Gaztetxera ailegatzen direnean, 20:00ak inguruan, hasiko da bilera. Bertan, HARRO2k izan duen bilakaeraz gain, San Bartolome jaietarako Gazteen Egunaz ere berba egingo dute. Iaz antolatutako ekintzen balorazioa egin eta ideia berriak proposatu eta landuko dituzte, besteak beste. Herriko gazte guztiak gonbidatu dituzte hausnarketan eta taldearen dinamikan parte hartzera.
∞Lotura duten albisteak: