Udal agintariek eta Danborradaren batzordeko kideek inauguratuko dute II.Garagardo Feria eguenean, 18:30ean. Jendearentzat 19:00etan irekiko da feria. Lehen egunean gauerdira arte egongo da zabalik.
- Barixakuan ere arratsaldez (18:30) irekiko dute, eta goizaldeko 03:00ak arte egongo da zabalik. 23.00etatik aurrera, gainera, Kirkil DJak jarriko du musika.
- Zapatuan, 12:30etatik aurrera etenik eta mugarik gabe egongo da zabalik karpa. Iluntzean, gainera, Bartzelonak eta Manchester United taldeek Txapeldunen Ligako final nagusia jokatuko dute, eta pantaila handian emango dute partida, karpan bertan. Ondoren, DJ festa izango da Kirkil-ekin.
- Domekan, azkenik, eguerditik aurrera egongo da zabalik feria eta 17:00etan itxiko ditu ateak aurtengoz.
Karpan 350 lagunentzako lekua egongo da, eserita. Garagardo feriara joaten diren herritarrek, bost garagardo mota (Foster, Maes, Buckler, Afligen Double eta Paulaner) dastatzeko aukera izango dute, alkoholik gabea horietako bat; eta, jateko, txerri-ukondoa eta saltxitxa alemaniarrak ogiarekin. Litro erdiko garagardo pitxarrak 3,5 euroko prezioa izango du, ukondoak 6,5 euro balioko ditu, eta saltxitxak 4,5 euro. Batutako dirua Trinitate jaietako nagusien danborradarako izango da. Iaz, 3.600 litro garagardo zerbitzatu zituzten estreinako garagardo festan.
•"Ondo pasatu, baina pasatu gabe"
Atabal taldekoek festara hurbiltzen diren herritarrei "harrera beroa" egiteko prest daudela jakinarazi dute, baina alkoholarekin tentuz ibiltzeko ere ohartarazi dute: "Ondo pasatu, baina pasatu gabe". Dena esana eta dena prest, hortaz.
∞Lotura duten albisteak: