Igoera lortzeko partida erabakigarria jokatuko du Alkortak zapatuan

elgoibarren.net 2011ko mai. 26a, 09:17

 
Igoera lortzeko zorian dago Alkorta Forging Group senior mutilen eskubaloi taldea. Zarautzen aurka, zapatu honetan, Olaizaga kiroldegian, jokatuko duten partidua irabaziz gero, Bigarren Nazional mailara igotzeko aukera handiak ditu taldeak. Kiroldegia bete eta senior mutilei animoak ematera joateko deia egin die zaleei Sanlok.


 Joan zen asteburuan Bilbon jokatutako partiduan 32-28 galdu zuen Alkortak Escolapios taldearen aurka. Zale asko joan ziren taldearekin Bilbora, klubak autobusak jarri zituen-eta, baina Alkortakoek ezin izan zieten zaleei garaipena oparitu. Hala ere, bizirik dirau maila igoera lortzeko borrokan.
 Une honetan, Igoera Faseko bigarren postuan sailkatuta dago Alkorta, Trapagaran liderrarekin berdinduta (ikus sailkapena). Egia taldea dago hirugarren postuan sailkatuta. Donostiarrek Alkortak baino puntu bat gutxiago dute. Amenabar Zarautz, berriz, elgoibarrengandik hiru puntura dago. Hain zuzen, zarauztarren aurka jokatuko du Alkortak, zapatu honetan, Olaizaga kiroldegian (18:00etan). Trapagarango Lezama Demoliciones liderrak, bestalde, Egiaren kantxa bisitatu beharko du. Hortaz, elgoibartarrek partidua irabazi eta beste taldeen emaitzen zain egon beharko dute. Azken jardunaldian Trapagaran taldearen kantxan jokatu beharko dute elgoibartarrek.
 
  • Sanlo Eskubaloi Kirol Taldearen inguruko berri gehiago klubak sarean duen gazetan aurkituko duzue: sanlo.net