Amadeo Aizpitarte hil da, Mekaren sortzaileetako bat

elgoibarren.net 2011ko mai. 26a, 13:19

 
Amadeo Aizpitarte enpresari elgoibartarra hil da Donostian, 81 urterekin. Amadeok Meka Lanbide Heziketako eskolaren sorreran parte hartu zuen 50. hamarkadan, eta bera izan zen lehenengo zuzendaria.

 



 Amadeo Aizpitartek lanbide heziketako ikasketak egin zituen Armeria Eskolan. Elgoibarko Alcortan aurkitu zuen estreinako lana eta ezkondu eta seme-alabak izan ondoren, lanean segitzen zuen bitartean, zuzenbide karrerako titulua atera zuen. Asko eman zion Amadeok erreminta makinari. Aizdon eta Acme enpresen sortzaileetako bat izan zen, besteak beste.

 “Mekanika”ren sorreran ere, Lanbide Heziketari egin zion ekarpena erabakigarria izan zen. Bernardo Ecenarro Arte eta Ofizioen Eskolako fundatzailearen izenari, Amadeorena gehitu beharko zaio hemendik aurrera. Ecenarroren lekukoa hartu eta, 50. hamarkadaren erdialdean, Lanbide Heziketako Eskola izango zenaren eraldaketa gidatu zuen Aizpitartek. Gaur egun Meka bezala ezagutzen dugun ikastetxearen sustraiak jarri zituzten, alegia.

 Gero, 80. hamarkadaren erdialdean, Mekatik bertatik Makina Erremintaren Institutua (IMH) sortuko zen, eta bi ikastetxeok Europako Lanbide Heziketako Elgoibarko Polo indartsuenetakoa osatzen dute gaur egun. IMHko egungo arduradunek jakinarazi dutenez, Amadeo Aizpitartek “aholku asko eta laguntza handia” eskaini zien, IMHren hastapenetan, bertako zuzendaritzakoei.

“Burdinoletatik makina erremintara” erakusketa
 Meka Ikastetxeak merezitako omenaldia eskaini zion 50. urteurrena ospatu zuenean eta, iaz, IMHren 20. urteurrenean ere jaso zuen aipamena. Ekainaren 10etik 25era Elgoibarko Kultur Etxean ikusgai egongo den Burdinoletatik makina erremintara izeneko erakusketan ikusi ahal izango dugu Amadeo, 50. Hamarkadako argazkietan, Mekako zuzendaria zen sasoietan.
 
Informazio osoago: meka-elgoibar.net eta imh.es atarietan