Ekainaren 11n hartuko dute kargua zinegotzi berriek

elgoibarren.net 2011ko mai. 26a, 15:11

 
Hauteskunde egunetik hogei egunera hartuko dute kargua Elgoibar eta Mendaroko zinegotziek, ekainaren 11n, alegia. Bestalde, Elgoibarren boto gehien jaso dituen alderdiak, EAJk, zinegotziak lortu dituzten alderdiekin bilera sorta deituko duela iragarri du Alfredo Etxeberria EAJko alkategaiak. 

 
 

 Ohi legez, hauteskunde egunetik hogei egunera egingo da udal gobernu berriaren osaketa. Ekainaren 11n, hain zuzen ere. Horretarako, Adinekoen Mahaia eratuko dute —zinegotzi gazteenak eta zaharrenak osatzen dute—, eta hark izendatuko ditu zinegotzi berriak. Kargua hartzeko, euren eginbeharrak zintzo beteko dituztela hitz eman beharko dute zinegotziek, Estatuko Funtsezko Arau gisa Konstituzioari men eginez.
 Alkatea aukeratzea izango da hurrengo pausoa. Ekainaren 11n bertan, bozketa bidez, alkatea hautatuko dute zinegotzi kargu hartu berriek. Zerrendaburu diren zinegotzi guztiak dira alkategai, eta boto gehien lortzen dituena izango da alkate. Inork ez badu gehiengoa eskuratzen, berriz, herritar gehienek bozkatu duten alderdiko zerrendaburuarentzat izango da kargua. Udalbatzako idazkariak boto-txartel bana emango die zinegotziei, eta haiek aukeratutakoaren izen-abizenak idatzi beharko dituzte han. Behin alkatea aukeratuta, hilabeteko epea izango dute udal berrien egitura antolatzeko. Horixe da, bada, hemendik aurrerakoan jarraituko den prozesua, pausoz pauso.
Gainerako alderdiekin bilera sorta deituko du EAJk
 EAJk lortu zuen Elgoibarren boto kopuru handiena domekan egin ziren udal eta foru hauteskundeetan, eta lehen indarra izaten jarraitzen du, baina zinegotzi kopuruan Bildu koalizioarekin berdinduta dago, zazpina zinegotzirekin. Gauzak horrela, "datorren astetik aurrera" ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin (Bildu, PSE-EE eta PP) bilerak egingo dituztela aurreratu du Alfredo Etxeberria EAJko alkategaiak. Udal gobernu berria osatzeko dauden aukerak aztertuko dituzte bilera horietan. "Bakoitzak bere kartak agerian jarri beharko ditu, EAJk kanpaina osoan egin izan duen moduan", azaldu du Etxeberriak. Elgoibarko alderdi jeltzaleak hiru baldintza nagusi jarriko dituela mahi gainean gaineratu du: "Hartzeko prest gauden konpromisoak eta ardurak zehaztuta edukitzea, Elgoibarren eta elgoibartarren beharrei lehentasuna ematea, eta, biolentzia ezarekin konpromiso zorrotza eta sentsibilitate guztiekiko errespetua eta errekonozimendua".
 Egungo egoera ekonomikoak eta joan den legegintzaldian martxan jarritako proiektu askok "ondo planifikatutako kudeaketa zentzuduna eta zintzoa" eskatzen dutela nabarmendu du Etxeberriak. Bere esanetan: "Egonkortasun egoera batetik abiatuta bakarrik egin geniezaioke aurre Elgoibarren etorkizun hurbil eta ertainari. Joan den legegintzaldian Legealdi Planarekin lortu genuen hori". Oraingo honetan "alderdi, erakunde eta agente ezberdinen arteko elkarlana" beharrezkoa izango dela uste du.
 
Lotura duten albisteak: