Elgoibar-Azkoitia, Herriarteko txapelketaren final-laurdenak

elgoibarren.net 2011ko mai. 27a, 11:14

 
Elgoibarrek aurkari gogorra, Azkoitia, hartuko du, gaur, 20:45etik aurrera, Ikastolako frontoian jokatuko den Herriarteko pilota txapelketaren final-laurdenetako joanekoan. Azkoititik zale asko etorriko direla uste dute Lagunak taldeko kideek, eta animoak orekatzeko Elgoibarko zaleen babesa eskatu dute.

 
  Txapelketa aparta egiten ari dira, aurten ere, pilotari elgoibartarrak. Lehen kanporaketan Soraluze kanporatu zuten (4-2). Gero, final-zortzirenetako norgehiagokan, Andoain gainditu zuten nagusitasun osoz; etxean jokatutako hiru partidetatik bi irabazita joan ziren Andoainera eta han, erakustaldia emanez, hiru partidak irabazi zizkieten andoaindarrei. Kanporaketa 5-1 geratu zen elgoibartarren alde. Garaipen horrekin, Elgoibarko pilotariak final laurdenak jokatzeko sailkatu ziren.
2007ko porrotaren mendekua

Aritz Arribillaga.

Final laurdenetako kanporaketan Azkoitia izango dute aurrez aurre, Herriarteko Txapelketan txapel gehien irabazi dituen herria -16 bider irabazi dute-, hain zuzen ere. 2007ko Herriarteko txapelketan ere jokatu zuten elkarren aurka, eta tanto-kopuruan lortutako aldeari esker egin zuten aurrera orduko hartan azkoitiarrek. Porrot mingarri haren mendekua hartzeko aukera izango dute orain elgoibartarrek. Horretarako, baina, abantaila polita hartzea komeni da, Azkaratetik bestaldera jokatu beharreko partiduetara aukerekin joan ahal izateko.
  •  Joaneko partidak gaur (maiatzak 27) jokatuko dituzte Ikastolako frontoian 20:45etik aurrera, eta datorren astean jokatuko dituzte itzulikoak. Zaleen babesa eskatu dute Lagunak pilota eskolako kideek.