Skyrunning Word Series 2011rako proba puntuagarria izan da aurten Zegama-Aizkorri Maratoia. Euskal Herrian antolatzen diren mendiko lasterketen ikurra da Zegama-Aizkorri. Hamargarren urtea bete du aurten, eta ibilbidea azken urteotako bera izango da. Parte hartzaileek 42,195 kilometroko ibilbide teknikoa eta zaila, eta 5.472 metroko desnibel metatua gainditu behar izan zuten. Aurreko edizioan elurra egin bazuen, aurten bero sargoriari aurre egin behar izan zioten parte hartzaileek. Hotzarekin zein beroarekin Kilian Jornetek aurkaririk ez daukala erakutsi du beste behin. Hala ere, hotzarekin hobeto moldatzen dela adierazi zuen kataluiniar gazteak probaren amaieran, eta aurten adina sekula ez duela sufritu aitortu zuen, gainera. Zegamako helmugan egin zuen denborak ere halaxe erakusten du, aurrekoan baino minutu bat gutxiago behar izan zuen-eta oraingoan proba irabazteko.
Gureei dagokienez, elgoibartar eta mendaroarak bikain aritu ziren. Zortzik hasi zuten proba eta zazpik amaitu zuten -Gotzon Zulaika mendaroarra erretiratu egin zen-. Gainerakoeei meriturik kendu gabe, Maite Maiorak eginiko lana nabarmendu behar da. Estreinakoz parte hartu zuen Zegama-Aizkorriko maratoian eta lan oso txukuna egin zuen. Lehen bi sailkatuek, Kortazarrek eta Briziok, alde handia atera zioten mendaroarrari, baina hortik gorakoak ez dauzka oso urrun. 450 antxitxikarik parte hartu zuten, tartean 34 emakumek, eta Maiora sailkapen nagusiko 131. ostuan sartu zen helmugan.
•Elgoibartar eta mendaroarren sailkapena:
91. Manolo Ramos (5:05:43)
119. Ander Barrenetxea (5:12:51)
124. Jon Revert (5:17:33)
131. Maite Maiora (5:17:33)
138. Xabier Bergaretxe (5:24:27)
144. David Conde (5:27:22)
297. Asier Arrieta (6:38:18)
- Sailkapen osoa eta informazio gehiago: zegama-aizkorri.net
•Bideoa: Zegama-Aizkorri mendi maratoiari buruzko saio monografikoaegin dute 'Zu Kirolari' eitbko saioan.
•Argazkiak: