Alberto Hijano, txapeldun olinpikoa matematiketan

elgoibarren.net 2011ko eka. 1a, 13:16

 
Eduardo Chillida Euskadiko 9. Olinpiada Matematikoan lehen postua lortu du Alberto Hijanok, Elgoibar Ikastolako ikasle elgoibartarrak.

 
 
 
  Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako DBHko bigarren mailako ikasleek parte hartu dute Eduardo Chillida Euskadiko 9. Olinpiada Matematikoan. Eta, guztien artetik, Alberto Hijano elgoibartarra izan da matematika arazoak ebazten trebeena. Ikastetxe bakoitzak egin zuen hautaketa gainditu zuen lehenik 13 urteko ikasle elgoibartarrak. Ondoren, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, egun eta ordu berean, egin zen azken fasean parte hartu zuen, beste 150 bat ikaslerekin batera. Bi ordu izan zituzten guztiek lau arazo matematiko ebazteko eta Alberto Hijanok merezi izan zuen lehen saria epaimahaiaren iritziz. Ikasleen eta irakasleen artean matematikak ezagutzera ematea da Olinpiada matematikoen helburu nagusienetakoa. 
 Matematikekin “gozatu” egiten duela azaldu du Albertok eta Matematikarekin eta fisikarekin zerikusia duen zerbaitetan lan egin nahi luke handitan.