Josean Gomez omendu dute Mintza Egunean

elgoibarren.net 2011ko eka. 7a, 10:26

Mintza Egunaren seigarren edizioa ospatzeko 270 mintzalagun inguru bildu ziren, joan den zapatuan, Elizondon. Euskara elkarteek, herrietako euskaltegiekin eta euskalgintzako beste zenbait eragilerekin kudeatzen dituzten mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten berbalagun, mintzakide, mintzalagun, solaskide guztiek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko eguna izaten da. Gainera, aurten berri pozgarri bat ere izan da: Josean Gomez Garrido omendu zuten. (argazkiak dauzka)

Elgoibartik joandako taldea (Ezkerretik hasita): Josean Gomez,  Ane Goikoetxea, Julen Iriondo, Carmelo Menezo, Mari Carmen Alberdi eta Consuelo Leon.

Urtero bezala, Elgoibarko Izarrak antolatzen duen Tertuliak programako zazpi lagun joan ziren Elizondora mingainak dantzan jartzera. Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen duen jaian 270 lagun inguru bildu ziren aurten. Mintza Egunean parte hartu zuten lagunek, Elizondoko herria eta bere historia ezagutzeko bisita gidatua egin zuten lehenik. Pello Iriarte bertako historialariak hainbat pasadizio kontatu zizkien. Mintza-bermutarekin jarraitu zuten jaiarekin, eta elkarrekin bazkaldu zuten azkenik Elizondoko Merkatuen plazan. Bazkalostean, urteroko ohiturari eutsiz, hainbat mintzalagunen ekarpena goraipatu eta saritu zuten, Josean Gomez Garrido elgoibartarra tartean. Oparitzat, zilarrezko pin bana eta bertso sorta bat, Baztango bertso eskolako lagunen ahotik, jaso zituzten.
 Josean ikasle moduan hasi zen Tertuliak programan (32 urterekin hasi zen euskara ikasten), eta urte batzuk euskara jasotzen eman ondoen, orain euskara ikasi nahi dutenen bidelagun da. Merezitako saria jaso zuen beste bost lagunekin batera.
Argazkiak:

1706638957651 Josean Gomez omendu dute Mintza Egunean

1706638957742 Josean Gomez omendu dute Mintza Egunean

1706638957838 Josean Gomez omendu dute Mintza Egunean