Maddi Mendibilek irabazi du Eskolarteko Bertso Txapelketa

elgoibarren.net 2011ko eka. 7a, 14:53

 
Maddi Mendibil elgoibartarrak Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketa irabazi du gaztetxoen mailan. DBH2. mailako kanporaketan hartu zuen parte, eta maila honetan taldeka jokatzen da txapelketa. Bertsoekin jarraituz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu duen Mikel Olaizola final-zortzirenetara sailkatzetik pauso batera geratu da; hiru puntu eskasengatik ez du lortu aurrera egiteko txartela.



 Maddi Mendibilek Goierriko beste hiru bertsolarirekin osatu zuen taldea Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketan, eta finalean Lazkaoko bi talde eta Zarauzko talde bat izan zituzten aurrez aurre, Azpeitiko Soreasu kulturgunean jokatu zen finalean. Azkenean elgoibartarraren taldeak jantzi zuen txapela. Txapelaz gain, bertso paperen atalean aipamen berezia jaso zuen Elgoibar Ikastolako ikasleak.

Maddi Mendibil (eskuinetik lehena), txapela buruan, taldekideekin.

Bertso paperetan sarituak elkarrekin.

 
Mikel Olaizola Gpuntutik kanpo

Mikel Olaizola, eskuinetik lehena, Lehen Faseko saio batean.

Urretxu-Zumarragan jokatu ziren bi saioekin bukatu da Gpuntuko (Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa) Lehen Fasea. 20 saio jokatu dira guztira maiatzaren 8an hasi eta ekainaren 5a bitarte, 10 herritan: Orion, Mutrikun, Alegian, Soraluzen, Lezon, Amezketan, Usurbilen, Gabirian, Aretxabaletan eta Urretxu-Zumarragan. 60 bertsolarik kantatu dute fase honetan, bi saiotan bakoitzak, eta puntuazio altuena lortu duten 32 pasa dira irailean hasiko den final-zortzirenetara.
 Lehen Fasean parte hartu duten 60 bertsolarien artean zegoen Mikel Olaizola elgoibartarra, baina ez du aurrera egiteko adina puntu eskuratu. Eskura izan du sailkapena, baina hiru puntu eskasera geratu da, sailkapeneko 34. postuan.