Alkortak maila igoera lortu du

elgoibarren.net 2011ko eka. 7a, 17:19

 
Estu eta larri baina Alkortak maila igoera lortu du: Bigarren Nazional mailan jokatuko du datorren denboraldian. Senior mutilek 20na berdindu zuten Lezama Demoliciones taldearen aurka, Tragapagaren, jokatu zuten ligako azken partida zirraragarria. (argazkiak dauzka)

 
 

 Partida guztian aurretik joan ziren elgoibartarrak. Bigarren zatiaren ondarrean, baina, markagailuari buelta ematea lortu zuten bizkaitarrek, eta 50 segundoren faltan, aurretik jartzea lortu zuten, 20-19ko emaitzarekin. Emaitza horrekin Tragagararen eskuetan zegoen igoera. Alkortak garaipena edo, gutxienez berdinketa, behar zituen. Gauzak horrela, hutsartea eskatu zuen Alkortako entrenatzaileak, Juanma Lopezek. Hurrengo jokaldia erabakigarria izan zen, arbitroak elgoibartarren aldeko penaltia adierazi baitzuen, partidua amaitzeko zortzi segundo bakarrik falta zirenean. Andoni Armendiak eduki zuen penaltia jaurtitzeko ardura. Ez zuen hutsik egin eta partidua berdindu zuen. Azken zortzi segundoetan aurretik jartzeko azken jokaldi bat eduki zuen Trapagarango taldeak, baina ez zuten golik sartu. 700 zalek jarraitu zuten harmailetatik emozioz beteriko partidua eta Elgoibartik ere zaletu mordoa joan zen, Sanlok autobusak jarri zituen-eta. Ez dute berehalakoan ahaztuko han bizi eta ikusitakoa.
 Berdinketa honekin Bigarren Nazional mailarako Igoera Faseko lehen postua eskuratu du Alcorta Forging Group taldeak. Igoera lortu duen beste taldea Donostiako Egia da, eta ateetan geratu da Trapagaran.

Zaletu elgoibartarrek ez zuten hutsik egin eta hasieratik amaierara arte animatu zituzten jokalari elgoibartarrak.

Azken segundoetan erabaki zen Alcorta Forging Group eta Trapagaranen arteko lehia.

1706638945503 Alkortak maila igoera lortu du

1706638945603 Alkortak maila igoera lortu du

  *Argazkiak: Panizo eta Sanlo.
 
Sariak Sanlorentzat
  Sanlo taldearentzako berri onak ez dira Alkortaren igoerarekin amaitzen. Eskubaloi taldeak bi sari jaso ditu Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak urtero ematen dituen sarietan. Batetik, IMH taldeak eskuratu du kiroltasun saria, kadete nesketan. Eta, bestetik, Maite Bollarrek jokalari onenaren saria irabazi du jubenil nesketan. (Informazio osoagoa: sanlo.net)