Ander Mujika elgoibartarrak eta Miren Narbaiza eibartarrak osatzen dute Napoka Iria bikotea. 2005ean sortu zuten taldea, eta ordutik, bi gitarra akustikoz eta ahotsaz baliatuz kontzertu asko eskaini dituzte, bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere. Kantuak lasaiak bezain progresibo eta rockeroak egiten ditu bikote honek. Hartara, zuzeneko emanaldiak berezi egiten saiatzen dira, ukitu handia emanez eta intentsitatearekin jokatuz.
2007an euren lehenengo maketa kaleratu zuten sei kantu propioz osatua. Aurten urtarrilean Bergarako Zabalotegi aretoan zuzenean grabatutako lehenengo lp-a kaleratuko dute.
Bikustik bikotea, bestalde, Jon Gurrutxagak (ahotsa eta gitarra laguntzailea) eta Patxi Zabaletak (gitarra akustikoa eta koroak) osatzen dute. Gitarra espainiar bana hartuta, kontzertu akustikoak eskaintzen dituzte. Joan zen neguan sortu zen proiektua da Bikustik. Arima Beltzan elkarrekin aritu baino lehenago askotan elkartzen ziren Patxi eta Jon lokalean bertsioak egiteko. Esku artean duten egitasmoa kasualitatez sortu zen. Ezagun baten eskaera batekin hasi eta gustua hartu zioten rock klasikoen bertsio akustikoak egiteari. Beatles, Creedence, Led Zeppelin, Janis Joplin eta beste hainbaten moldaketa akustikoak egiten dituzte.