Herriko kaleak dantzaz beteko dira asteburuan

elgoibarren.net 2011ko eka. 9a, 20:42

Biraka dantza taldeak ikasturte amaierako jaialdia eskainiko du gaur, Herriko Antzokian. Hainbat musika estilo landuko dituzte, eta koreografia klasikoak zein garaikideak ikusteko aukera egongo da. Zapatuan (ekainak 11), berriz, hip-hop doinuek hartuko dituzte herriko kaleak, Urban Show jaialdia iragartzeko bideoa grabatuko dute-eta San Bartolome kalean.

 

1706638933856 Herriko kaleak dantzaz beteko dira asteburuan

‘Eurodancing 2011’ dantza ikuskizuna
Biraka dantza taldeak kurtso amaierako Eurodancing 2011 jaialdia eskainiko du gaur (ekainak 10), Herriko Antzokian. Europako lehiaketa hipotetiko batean oinarritutako jaialdia izango da, eta partaideek lehiaketa hori irabazteko ahalegina egingo dute, Parisko final nagusian parte hartzeko. Hainbat musika estilo landuko dituzte, eta koreografia klasikoak zein garaikideak ikusteko aukera izango dute Herriko Antzokira gerturatzen direnek. Bi emanaldi egingo dituzte, lehenengoa 18:30ean, eta bigarrena, 20:00etan.
Hip-hop Eguna

1706638933886 Herriko kaleak dantzaz beteko dira asteburuan

Hip-hop eguna antolatu du Maria Escobedo Dance&Smile taldeko arduradunak zapaturako, Kultura Sailaren eta Kirol Patronatuaren laguntzarekin. Zalantzarik gabe, bazkal ondorenean San Bartolome kalean egingo duten grabazioa izango da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena: Urrian egingo den Elgoibar Urban Show hip-hop jaialdiaren bigarren edizioa (joan den urteko abenduan egin zuten estreinekoa) iragartzeko bideoa grabatuko dute.
 Grabazioa 16:00etan hasiko da San Bartolome kalean, eta antolatzaileen nahia kalea jendez betetzea da. Maria Escobedok azaldutakoaren arabera, ez da beharrezkoa dantzan egiten jakitea, eta adin guztietako herritarrak gonbidatu ditu grabaketara.
  • Egitaraua: Hip-hop kultura sustatzeko egitaraua zabala prestatu dute Hip-hop Egunerako. 10:00etan break dance ikastaroa eskainiko dute kiroldegian, 6tik 12 urtera arteko gaztetxoentzako. 12:00etan Dance&Smile Elgoibarko hip-hop taldeak dantza erakustaldia eskainiko du, eta horren ostean bazkaria egingo dute.