Eguenean (ekainak 30) 19:00etatik 22:00etara egongo da pintxoak dastatzeko aukera, eta barixakuan 11:30etik aurrera. Aurtengo edizioan hamabost tabernarik hartuko dute parte, iaz baino hiru gehiagok: Txarriduna, Urkiola, Gabi, King-Kong, El Gautxo, Gorbea, Xagua, Iturri, Salento, Ametsa, Lanbroa, Pilon, Mahats, Viento sur eta Lojantzi. Pintxoaren prezioa, bestalde, 1,10 eurokoa izango da. Ostalaritza sektorea kalitatezko produktuak egin eta eskaintzeko gai dela ezagutarazi nahi dute antolatzaileek ekimen honekin eta baita kaleko giroa sustatu ere.
Bi sari banatuko dituzte, bata epaimahaiak emango du, eta, bestea, herritarrek aukeratuko dute. Botoa ematen duten guztien artean, Belaustegi jatetxean bi lagunentzako dastatze menua zozketatuko dute.
- Ikusi hemen: Lehiaketan parte hartuko duten 15 pintxoak (PDF)
•Informazio guztia euskaraz
Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak antolatu zuen estreinako pintxo lehiaketa orain hiru urte, Gurean Bai I. Pintxo Lehiaketa izenarekin. Ostalaritzan euskara sustatzeko helburuarekin antolatu zuten lehiaketa Gurean Bai-Ostalaritza proiektuak (dagoeneko desagertuta dago), eta Elgoibarko Udaleko Merkataritza Sailak. Hasierako asmo hura mantentzen dutela azaldu du Elgoibarko alkateak, Alfredo Etxeberriak, hirugarren pintxo lehiaketaren aurkezpenean. Hala, taberna bakoitzean egongo diren kartel eta lehiaketaren inguruko aipamen guztiak euskara hutsean egongo direla aurreratu du.
•Eguenetako pintxo poteoa
Elgoibarko Ostalarien Elkartea sortu dute, berriki, Elgoibarko hainbat ostalarik ostalaritza indartu eta elkarrekin lan egiteko asmoz. Imanol Urain, Txarridunako ugazaba, da elkarteko estreinako presidentea, eta berak emandako datuen arabera, herrian dauden 50 bat taberna eta jatetxe ingurutik hogeik eman dute izena elkartean oraingoz. Bestalde, pintxo lehiaketa egin den bi edizioetan herriko taberna eta jatetxeen bueltan “giro oso ona” sortu dela uste du Urainek. “Gainera, pintxo kurioso bat egiteko ahalegina egitera behartzen gaitu ostalariok”, nabarmendu du. Horrez gain, eguenetako pintxo poteoaren ohitura bultzatu eta ezartzeko abiapuntu egokia izan daitekeela uste du ostalarien elkarteko presidenteak.
∞Lotura duten albisteak:
- Txarridunak irabazi du bigarren urtez Pintxo lehiaketako sari nagusia (2010-07-02)
- Pintxo irabazleak berriz dastatzeko aukera izango da barixaku honetan (2010-06-30)
- Hamabi tabernak parte hartuko dute pintxo lehiaketan (2010-06-17)
- Tabernen arteko II. Pintxo Lehiaketa ekainaren 24an eta 25ean izango da (2010-05-13)
- Arrakastak irentsi du estreinako Pintxo Lehiaketa (2009-07-01)
- Pintxo onenak 'Paulaner Txarriduna' eta 'Gabi' jatetxeek egin dituzte (2009-07-01)
- Pintxoak euro baten truke Gurean Bai I. Pintxo Lehiaketan (2009-06-19)