•Elgoibarko saioaren kronika
Markinako eta Debako saioen ostean, Elgoibarren izan zen X. Plazatik Gaztetxera txapelketako hirugarren kanporaketa, joan den barixakuan (ekainak 17). 150 entzule inguru elkartu ziren eta bapo afaldu ondoren, bertso saio politaz gozatzeko aukera izan zuten.
Ondo hasi ziren bertsolariak ofizioko ariketetan. Zortziko nagusian nahiko parean aritu ziren bertsolari denak ere; zortziko txikian, aldiz, Beñat Iguaran besteak baino goraxeagotik aritu zen. Kopletakoa izan zen gaueko momenturik bizi eta alaiena, Peru Vidalen ateraldiekin makina bat barre egin zuten bertsozaleek; Ander Solozabalen eta Adur Gorostidi ere ez ziren atzean geratu. Bakarkako lanean Beñat Iguaran benetan fin ibili zen, ideien lotura polita eginez eta bertsoak ondo josiz.
Okorrean saio osoan zehar Beñat Iguaran izan zen gora behera gutxien izan zuen bertsolaria. Asier Aspiroz eta Mikel Olaziola ere bizi aritu ziren. Ander Solozabalek, Adur Gorostidik eta Peru Vidalek gora behera gehixeago izan bazuten ere, laga zuten ale politik.
Plazatik Gaztetxeran egin ohi den moduan, Gaztetxera hurbildu ziren bertsozaleek eurentzat saioan zehar izandako bertsolari onena bozkatzeko aukera izan zuten. Mikel Olaizola izan zen entzuleari gehien gustatu zitzaion bertsolaria. Epaileentzat, ostera, Beñat Iguaran ibili zen finen kanporaketan. Publikoaren eta epailearen iritzia bat ez zetozenez, buruz burukoa egin zen kanporaketako irabazlea zein zen erabakitzeko.
Buruz burukoan hiruna bertso bota zituzten eta Iguaran izan zen gailendu zena. Horrela bada, uztailaren 1ean Mutrikun jokatuko den finalean izango da Iguaran gainerako kanporaketetako irabazleekin batera. Bukatzeko, Elgoibarko gazte batzuek egindako sagardoa oparitu zieten Gazte Asanbladako kideek bertsolari guztiei eta hauek agur bana botaz eman zioten amaiera saioari. Irabazleak, gainera, sagardo botilaz gain makila berezi bat ere izan zuen opari.
•Mendaroko kanporaketa zapatuan
Zapatu honetan, ekainaren 25ean, jokatuko da Plazatik Gaztetxera txapelketako kanporaketa berri bat Mendaroko gaztetxean. 17:00etan hasiko da saioa, baina aurrez bazkaria egingo dute. Hona hemen parte hartuko duten parte hartzaileak:
Zapatu honetan, ekainaren 25ean, jokatuko da Plazatik Gaztetxera txapelketako kanporaketa berri bat Mendaroko gaztetxean. 17:00etan hasiko da saioa, baina aurrez bazkaria egingo dute. Hona hemen parte hartuko duten parte hartzaileak:
- Aitzol Urain
- Hodei Hiruretagoiena
- Mikel Artola
- Ander Zulaika
- Maddi Gallastegi
- Irati Erkizia