Debegesak eta Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, Amerikutz, Mintxeta Atletismo Taldea eta Bikeibar elkarteen laguntzarekin antolatako III. Debabarrena BTT Martxa “oso arrakastatsua” izan dela adierazi dute antolatzaileek. “Iaz baino 70 lagun gutxiago etorri dira aurten, baina inguruko herri askotan jaiak izanik, eta, bestetik, bero handia egingo zuela iragarri zutela, aintzat hartzeko kopurua iruditzen zaigu 300 lagunetik gora batu izana”. Txoko askotatik ailegatu ziren, gainera, mendi bizkleta zaleak: Palentziatik, Kantabriatik eta Euskal Herriko hainbat bazterretatik.
Aurten, estreinakoz, bazkaria eskaini zuten antolatzaileek, eta 150 laguni eman zieten bazkaria Mintxeta Atletismo Taldekoek Mintxetako aparkalekuan jarri zuten karpa erraldoian. Nabarmentzeko moduko istripurik ez zela izan gaineratu dute antolatzailek. Azkenik, datorren urteko Debabarrena BTT Martxa aurtengoa egin duten sasoi berean egingo dutela aurreratu dute.
Argazki gehiago: