Eguraldiagatik atzeratu ondoren, gaur antzeztuko dute kale antzerkia

elgoibarren.net 2011ko eka. 30a, 10:09

 
Oihulari Klown antzerki taldeak Gay, Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna zela-eta, martitzenean (ekainak 28), antzeztu behar zuen kale antzerkia, Pronostiko erreserbatua izenekoa, bertan behera geratu zen eguraldi kaskarraren ondorioz. Azkenean ere, gaur antzeztuko dute, 19:00etatik aurrera, Plaza Handian.


  Udaleko Gazte Informazio Zerbitzuak eta Berdintasun sailak antolatu dute ekitaldia, gay eta lesbianen eskubideen urraketa salatzeko; emakume eta gizon guztiek sexualitatea askatasunez eta aukera berdintasunez bizitzeko eskubidea dutela aintzat hartzeko, eta, aldi berean, herritarrak egoera honen inguruan sentsibilizatzeko. Esan bezala, 19:00etan hasiko da Pronostiko erreserbatua izeneko antzerkia, Plaza Handian.

 Ikuskizun umoretsu honetan, sexualitatean adituak diren Puxika eta Andurixa pailazo/medikuak Elgoibarko kaleetan gora eta behera ibiliko dira, hala behar dutela uste duten herritarrei errekonozimenduak eginez. Adi, hortaz, jakinaren gainean zaudete.