Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua izango da

elgoibarren.net 2011ko eka. 30a, 21:28

 
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatuen izenak argitaratu ditu Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Bertan ageri denez, Jon Peli Uriguen Bilduko Elgoibarko zinegotzia izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua Martin Garitano Ahaldun Nagusiak osatu duen Foru Gobernuan.

 

"Erronka interesgarria izango da"
 Jon Peli Uriguen (Elgoibar, 1968) pozik agertu da, eta bere ibilbidean “erronka interesgarria” izango dela aipatu du. Krisi garai honetan enplegua sortzea izango da bere helburuetako bat, eta horretarako berrikuntzak daukan garrantzia nabarmendu du. Uriguenek esandakoaren arabera, kargu berri hau Udaleko zinegotzi karguarekin bateragarria da, eta, printzipioz, bi karguak betetzeko asmoa azaldu du. Aurreko legegintzaldian Euskara batzordeburua izan zen Uriguen EAk eta EAJk osatu zuten koalizioan.
Aurkezpena, gaur
 Martin Garitanok bere talde berria aurkeztuko du gaur (uztailak 1) goizeko 11:30etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan (Donostian) egingo duten ekitaldi berezian. Gobernu parekidea baten alde egin du Ahaldun Nagusiak. Lau emakumez eta hiru gizonez osatutako gobernu taldea aurkeztuko du gaur. Hortaz, zortzi sail bereiztuko dira Gipuzkoako diputazio berrian, aurreko Markel Olanorenean baino hiru gutxiago (11 zituen). Euskaldunak dira kide guztiak, eta instituzioetan zein unibertsitatean arituak dira aurretik. Hona hemen zazpi diputatuak:
  • Jon Peli Uriguen Ansola (Elgoibar, 1968): Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko diputatua. Antzuolako Elay enpresako langilea erosketen alorrean.
  • Larraitz Ugarte (Oñati, 1976): Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako diputatua.
  • Ander Rodriguez (Arrasate, 1982): Gizarte Politikako diputatua.
  • Ikerne Badiola Gartziandia (Zumarraga, 1971): Gazteria, Kultura eta Kirol diputatua.
  • Juan Carlos Alduntzin Juanena (1962an, Donostian jaioa): Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
  • Helena Franco Ibartzabal (Getxo, 1967): Ogasun eta Finantza diputatua.
  • Garbiñe Errekondo Salsamendi (Usurbil, 1962): Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko diputatua.