Spinning maratoi berri bat antolatu du Kirol Patronatuak uztailaren 8rako

elgoibarren.net 2011ko uzt. 1a, 13:22

 
Mintxetako igerilekuen denboraldia hasteko egin zuten spinning maratoiak izan zuen arrakasta ikusirik, saio berri bat antolatu du Udal Kirol Patronatuak, uztailaren 8rako, hain zuzen ere. Dantza latinoen saio berezi bat ere prestatu dute uztailaren 14rako. Bestalde, Mintxetan eraikitzen ari diren spinning gela berria irailerako erabiltzeko prest egongo da.


1706638862524 Spinning maratoi berri bat antolatu du Kirol Patronatuak uztailaren 8rako

 
Uztailaren 8rako bi spinning saio antolatu ditu Udal Kirol Patronatuak. Lehena 19:00etan hasiko da eta 20:00etan bigarrena. Guztira, 40 bat bizikleta jarriko dituzte Mintxetako igerilekuen ondoan. Izenematea doakoa da, eta edozein herritarrek hartu dezake parte. Mintxetako harreran eman daiteke izena uztailaren 6a baino lehen. Dantza latinoen saioa, berriz, uztailaren 14an izango da, 19:00etatik 20:30era. Hemen ere edonork hartu dezake parte eta izen ematea doakoa da.

Spinning gela berria irailerako amaituta

1706638862592 Spinning maratoi berri bat antolatu du Kirol Patronatuak uztailaren 8rako

Mintxetako spinning gela berriaren obrak abuzturako amaitzea aurreikusten dute arduradunek, eta irailerako erabiltzeko prest egongo da. Patronatuko arduradunek jakinarazi dutenez, 50 bat bizikleta jarriko dituzte erabiltzaileentzako.
 Mintxetako harmailen eta padel pistaren artean egiten ari diren gela berriak kristalezko leiho handi bat izango du. Gutxi gorabehera, 100 metro koadroko azalera edukiko du gelak,  eta beheko solairuan CD Elgoibarrentzako biltegirako gune bat egongo da. Proiektuak 152.000 euroko aurrekontua dauka. Egungo spinning gelan, bestalde, walking kirola emango dute irailetik aurrera, hau da, oinez ibiltzea simulatuko duten makinak jarriko dituzte.