Bi argazki lehiaketa aukeran

elgoibarren.net 2011ko uzt. 4a, 17:10

Elgoibarko seigarren kirol argazki lehiaketan lanak aurkezteko epea datorren uztailaren 15ean amaituko da. Bertan, kirolarekin zerikusia duten era guztietako argazkiak aurkeztu daitezke. Ondoko irudian, iaz sari nagusia irabazi zuen Juan Jose Lopez bergarrararen "Ultzama" izenekoa argazkia ikus dezakezue. Honakoa ez da Udalak antolatu duen argazki lehiaketa bakarra, 2012 urteko egutegiko argazki lehiaketa ere abian dago-eta.



Kirol argazkien lehiaketa

1706638857719 Bi argazki lehiaketa aukeran

Argazki lehiaketa honetan nahi duten zaletu guztiek parte har dezakete, profesionalek zein amateurrek; eta, kirolaren inguruko edozein gai landu daiteke argazkietan. Paperean egindako argazkiak, koloretan nahiz zuri beltzean izan daitezke, eta irudiak tratatzeko edozein prozedura edo teknika onartuko dute.
Partaide bakoitzak, gehienez ere, lau argazki aurkeztu ahal izango ditu. Lanek originalak beharko dute izan. Ezin dira aurkeztu beste lehiaketa batean saritutako lanak.
Atalak eta sariak honako hauek izango dira: Elgoibartarrek edo bertan bizi direnek aurkeztutako argazkirik onena 200 eurorekin sarituko dute; eta gazteentzako bi sari izango dira, -35 urte bitarteko elgoibartarrak, nahiz beste herriren batekoak-: 1. saria 300 eurokoa izango da eta bigarrena 200 eurokoa. 35 urtetik gorakoek ere gazteagoen kopuru berbera jasoko dute saritzat.
Lanak eskura eman daitezke, nahiz postaz bidali. Lanak uztailaren 15erako aurkeztu beharko dira honako helbide honetan: Olaizaga kiroldegia. 32 posta kutxatila. San Roke kalea 1. 20870 Elgoibar. Epaimahaiak aukeratzen dituen argazkiak erakusketa batean jarriko dituzte ikusgai, abuztuaren 22tik 31ra bitartean, Kultur Etxean.

2012 urteko egutegiko argazki lehiaketa

1706638857780 Bi argazki lehiaketa aukeran

Elgoibarko Udalak, aurreko urteetan bezalaxe, 2012 urteko egutegia argitaratuko duela aditzera eman nahi du. Horretarako, Udalak, Ongarri argazkilari elkartearen laguntzaz, herriko hirugarren argazki lehiaketa antolatu du “Elgoibar” izeneko leloarekin, datorren urtean argitaratuko den egutegirako argazkiak aukeratzeko.
Horrela bada, Udalak herritar guztiei dei egiten die lehiaketan parte har dezaten. Era berean, adierazten da urriaren 17a, astelehena, izango dela argazkiak aurkezteko azken eguna.
Lehiaketan argazkilaritza gogoko duten pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute. Hori bai, argazkiek ezinbestean Elgoibarkoak izan beharko dute (lekuak, txokoak, jaiak, ohiturak, jendea…). Parte hartzeko baldintza bakarra izango da argazkian Elgoibarko herriari erreferentzia zuzena egitea.
Lehiaketara aurkezten diren guztien artetik, guztira, hamabi argazki aukeratuko dira egutegian jartzeko. Bestalde, aurreko urtean bezalaxe, aukeratutako argazki bakoitzeko 65 euroko saria emango du Udalak. 2011ko egutegiak arrakasta handia eduki zuen eta Udalak banatutako ale guztiak agortu egin ziren.